Pedal kolpeka

Txirrindularitza. Italia. Izagirre.

Haurtzarotik dago presente txirrindularitza nire bizitzan. Batetik, edukitako bizikleta bakoitza gogoratzen dut, motoreta urdinetik hasita Connor borgoinaraino. Bestetik, nire biografiako alde eguzkitsuaren puntu garrantzitsuak dira patrikan urtutako goxoki batek zapuztu arren Arrasaten lortutako Gianni Bugnoren sinadura, ezkontza batean Reynolds taldeko etorkizun oparodun txirrindulari batekin topo egitea (Miguel Indurain), Leintz-Gatzagako kronoigoera batean Pantani hegan ikusi izana, egun sargorietako telebista eserialdiak tourra ikusten, orga jasotzaile bat kontratatu eta komertzial gisa Julian Gorospe ikustea, Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da liburu aparta…

Tiffosia izan gabe txirrindularitzaz maitemintzen laguntzen duen liburua da Ander Izagirreren Cómo ganar el giro bebiendo sangre de buey (Libros del KO, 2021). Izagirre kazetari ona izateaz gain idazle aparta da, horren froga dira aurretik irakurria nion Potosí edo prentsarako idazten dituen iritzi artikulu edo erreportajeak. Kasu honetan Giroaren historia idazten du bere begietatik eta eskertzen da hori. Filtro definitua du, Alfonsina Stormiren kapitulua da lekuko, eta horrek mesede egiten dio narrazioari. Bere bihotzetik idazten du, kriterioa erakusten du eta horrek beti du balioa. Horrela hasierako etapen epika komikoak liluratuko gaitu, Bartali-Coppi lehiak harrapatu, Torrianirekiko debozioak harritu, Pantaniren bizitzak hunkitu, dopinak larritu…

Udarako liburu guztiz gomendagarria da. Datutan ito ordez narrazio, anekdota eta pasarteetan harrapatzen zaituena. Eta ez nabil honekin esaten dokumentazio lanez apala denik, justu kontrakoa, idazlearen bertutea da oinarri sendoa edukita irakurtzeko horren ederra izatea. Bukatzeko, Italia zale naizen honentzat bikain jasotzen du herrialde horren izaera. Italia, herrialde gaztea, alkandora beltz, komunista eta apaiz artean lehiatua XX. mendean. Italia, lasterketa ausart, ero, eder eta bolkanikoak planteatzeko gai den herrialdea. Italia, tranpati eta pikaroa. Italia, mendiko bortuetan bultzakada beste zaletu dituena…

Ez galdu aukera, txirrindularitza zale izanik dudarik gabe. Eta zale ez izanda ere nork daki, akaso leihoa irekiko dizu mundu berri batera.

Erantzun bat “Pedal kolpeka” bidalketan

  1. Pingback: Le Tour | Sagasti Etxea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude