Euskaliptus

Euskalia. Alvarez Sarriegi. Umorea.

Umorea mailua izan liteke. Uste dut esaldia Mikel Alvarez Sarriegi irakurri diodala hor nonbait. Uste dut. Baliteke. Akaso ez, baina axola al dio horrek? Ze umorea mailua bezala darabil idazle goierritarrak bere Euskalia (Elkar, 2022, 2021 urteko Zubikarai sariaren irabazlea) obran.

ADI, HEMENDIK AURRERA SPOILERRAK BAITAUDE

Euskalia nobela deskojono handi bat da. Gure buruaz, gure psikodramez, gure ezinez eta, zergatik ere, gure indarguneez ere ari da barrezka Mikel Alvarez Sarriegi. Balizko Euskalia ahalguztiduneko tokiek dituzten izenak? Kattalin Miner kalea, Kiliki Frexko campusa, Hedoi Etxarte etorbidea… mundialak dira. Santa Klara uharteko errebelde dunkandutarrak? Genialak. Putos Euzkitzez deitzea Euskalia deritzon tortillaren beste alde horretako agintari hegemonikoei? Barre galantak egin ditut.

Adi, arinkeria horrek -eta ez dut zerbait negatibotzat arinkeria- ez die kalterik egiten nobelako pertsonaien osaera eta garapenari. Hasierako Eñauten kapituluan zer ondo deskribatzen den betigazte ganoregabe hori marabilla bat da edota nolako trebeziaz kontatzen duen idazleak Igonerengan -zer ona den neskato psikopata hori- ase ezina den odol egarri hura. Portzierto, puntazoen artean dago azken honen belarri mozketa konpultsiboa, Eñautek Telmori eskainitako epitafio antologikoa -“Sekula ezagutu dudan izokinik jatorrena zinen“- edota Eñautek egiten duen Dut taldearen balizko disko berriei buruzko galdera Erkuden denbora bidaiaria dela jakin berritan.

Egiturari dagokionez hainbat narratzaile erabili izanak freskatu egiten du irakurketa eta denbora-lerro narratiboan dauden saltoak hainbat izan arren ez dut behin ere sentitu galdu naizenik. Gainera, maiz pentsatu dut: nola ez dut tramaren bira hau aurreikusi, pistak hor zeuden eta? Mundiala!

Bada hori, bukatzeko, egileari zorionak ematea besterik ez zait geratzen eta oxala halako nahiz bestelako abentura gehiago eskaintzea! Zoritxarrez, gisa honetako testu gutxi idatzi ohi da gurean, beti hain serios eta traszendetal baikara, eta argitaratzera ausartzea bera tenpluko lapurrei ostikoa jotzea dela iruditzen zait (neroniri barne, jakina).

PS: Egileak onartzen badit lerro hauen ausardia, nire proposamena Euskaliptusi buruz idaztea da, koala-pirata euskaldunen planeta zozoa dena, non rona edan, altxorrak lurperatu edo aldameneko planeten ontziak erasotu ordez egun osoa eztabaidan ematen duten adarretako animalia suminduek haien hizkuntzako txikikeriei buruz, egur ekoizpen enpresek planeta, uhartea, haritz inbaditzailez bete nahi dieten bitartean.