Bekatari

Bekatua. Belaunaldia. Labandibar.

Ramiro Pinilla nobela labur lehiaketa irabazi zuen Goiatz Labandibarrek, ordura arte batez ere ipuingintza jorratua zuen Oiartzungo idazleak lan honen ernamuina zen idazlan bati esker. Eta, horri esker, irakurleok eskura dugu Bekatua (Erein, 2023), istorio fresko eta ederra. Sinopsia, spoiler arrikusrik gabekoa, honakoa da: 36 urteko Garazi, bikoteduna, bezperan ezagututako 19 urteko Mattinen ohean esnatu da. Hortik aurrerakoak dira, denak Garaziren burmuineko zurrunbiloaren fruitu direnak, apenas 95 orrialdetan kontatzen direnak. Arratsean irrati saioko elkarrizketa entzuten ari nintzela erabaki nuen goiz ala berandu irakurri nahi nuela, asko gustatu zitzaidan eta.

Horrez gain, Nora Arbelbidek 111 Akademiarako eginiko elkarrizketa honetan Labandibarrek kontatzen duenez “niretzat garrantzitsuena tonu zigortzailea ez izatea zen”. Eta, esan beharra dago, lortzen duela. Era berean, bat egiten dut elkarrizketatzailearen azpimarra batekin: emakume baten gogoetak ez ezik belaunaldi baten kontakizuna ere bada. Izan ere, bete-betean ikusi dut hor nire belaunaldia, gure erreferentzia, bizi momentu eta ajeekin. Gure pozak eta gure miseriak, Garazi protagonistaren hurbileko hainbat pertsonen -eta Garaziren norberaren- gorputzetan haragiztatuak. Gurasotasuna, bikote heterosexualen eguneroko mixeriak, harreman irekien zailtasuna… Hori guztia Garazik eztabaidatuko duen bitartean ea altxa eta ospa egin beharko zukeen edo ez, ea tekila-fresaren errua den edo ez.

Irakurketa gozamen hutsa izan da eta arratsalde eder askoa oparitu zidan. Kasik ukitu egin baitaiteke hezur-haragi-kontraesanezko Garazi hori. Uste dut edonor interesatzeko moduko istorioa ondu duela idazleak -meritua da hori- eta gainera uzten dituela ondoren bakoitzaren barne hausnarketareko aski hari mutur.

Gomendagarria oso.

Erantzun bat “Bekatari” bidalketan

  1. Oso ados zurekin, Eneko, gaur bertan irakurraldi bakar eta jarraituan irentsi dut.
    Nago ni badagoela hemen sakoneko mugimendu baten bertze adierazpen bat, emakumeen iraultza edo.
    La Pollarekin kantatzen genuen “era un hombre y ahora es poli”; Eskorbutorekin, “mucha policia, poca diversiĆ³n”. Bo, marrubizko txupitoen ondorioz nola es nahastu?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude