Guraso elkarteak grebari babesa adierazteko egindako bilkura

Hezkuntza politikoa

Pultsera morearekin irten zen gure txikia eskolatik pasa den ostiralean, poz-pozik. ‘Honek minik ez esan nahi du!’ esan zidan harro. Arratsaldean, berriz, eskolako emaila jaso genuen: azaroaren 30ean greba egin(go) dute, gehiengo sindikalaren deialdiari erantzunez. Irribarrez irakurri nuen, ni ere poz-pozik.

Iruditzen zait pedagogiari edota hezkuntza sistemari buruz hitz egitean ez diegula greba eta mobilizazioari duten garrantzia aitortzen. Ikasle kooperatiboaren ideia oso interesgarria da, zeharkako konpetentziak eta talde-lana ezinbestekoak dira, ados. Baina egunerokoan erakusten dizkiegun apustu eta ekintza politikoek bihurtzen dute ikaslea subjektu kooperatibo eta kolektibo, nire ustez. Grebak, protestak, bilkurak, elkarlanak… horiek gabe, nola ikasiko dute ikasleek kooperatibo izaten? Nola ikasiko dute eskubideak defendatzen? Nola ikasiko dute injustizien aurka borrokatzen? Horregatik da hain garrantzitsua kalera irtetea, azaroaren 25a moduko egunak morez margotzea edota azaroaren 30ean eskolak hustea.

Hezkuntzaren pribatizazioa, zerbitzu publikoen prekarizazioa eta arrakala sozialak sakontzen ari diren honetan, hezkuntza politikoari berebiziko garrantzia eman behar diogu. Are gehiago, hezkuntza publikoak eta kooperatiboak bereziki konprometitua behar luke honekin, eta zalantza dut ideologizazioari zer nolako garrantzia ematen zaion gaur egun hainbat espaziotan.

Gaurkoan eskertu nahi nieke hezkuntzako langileei beraien ekintza politikoei esker gure txikiak balioetan heztea. Jakin ezinbestekoak ditugula eta ikaragarri estimatzen ditugula zuen greba eta mobilizazioak, hezkuntzaren kalitatea borroka eta lanarekin soilik eraiki daitekeelako. Horregatik, hurrengoetan ere alboan izango gaituzue, guztion artean guztiontzat etorkizun duina bermatzeko bide bakarra delako.

Guraso elkarteak grebari babesa adierazteko egindako bilkura
Ordiziako Urdaneta eskola publikoko Guraso elkarteak grebari babesa adierazteko egindako bilkura

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude