Eraikinak baino gehiago

Ez gaude ohituta, zoritxarrez, berri onak topatzera. Are gutxiago etxebizitzari eta eraikinei buruz hitz egiterakoan. Izan ere, etxebizitza oinarrizko eskubidea izan arren, luxua izaten jarraitzen du, gazteak tutoreen etxean mantentzen dituen pribilegio bat. 2025ean egindako lehen Soziometroak ere argi zioen: EAEko biztanleen artean 2. ardura nagusia da etxebizitzarena. Dena den, ez da dena iluntasuna, eta pasa den asteak denetariko berriak utzi zizkigun.

Iruñetik iritsi zitzaigun berrietako bat: 57 urteko emakume bat etxegabetu behar zuten asteazkenean, minbizia eta % 75eko desgaitasuna duena. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak 7:30ean jarrita zuen etxegabetzea gelditzeko hitzordua. Eta, tentsio handiko uneen ondoren, lortu zuten etxegabetzea gelditzea.

Gasteizen, berriz, Korda gunea desegin zuten egun berean. Eskuburdinak, zauritu bat eta poliziaren indarkeria. Gauza onik ez, negozioak bizitzaren gainetik jartzen direnean.
Antolakuntzak eta auzolanak ez ditu beti berri onak ekartzen, argi dago. Horregatik da hain garrantzitsua etxebizitzen, eraikinen eta zoruen inguruko alternatiba sendoak sortzea. Eta sortuta daudenak, indartzea. Halaxe hasi genuen astea, Coop57 kooperatibak etxebizitza kooperatiboa finantzatzeko abiarazitako kanpaina batekin. 34 eguneko epean 2 milioi euro batu nahi zituzten; 13 ordu nahiko izan ziren.

Alternatibak egon badaudelako, ekainaren 13an Iruñeko Katakrak-era joatera gonbidatu nahi zaituztet: zoru kooperatibo eta komunitarioen esperientzien arteko topaketa interesgarria egingo da bertan. Parte-hartzaileen artean, La Dinamo, Biziola, Katakrak eta Amillubi. Izaera ezberdineko proiektuak izanik ere, guztiek izan dute Coop57 bidelagun; ziur aski, gaur egun proiektu eraldatzaileak finantzatzeko dugun tresna baliagarrienetako bat.

Artikulu hau Argia aldizkarirako egindako kolaborazioa da.