Zenbat alditan entzun eta irakurri ote dugun “historikoa” hitza. Manifestazioa, ekitaldia, urtea, hilabetea… guztia magnifikatzeko beharra ote. Baina ekintza handi eta esanguratsu horiek baino, ekimen txikiek osatzen dute gure ibilbidea, historia propioa. Eta pandemiaren ikaragarritasunaz harago, 2020an titular handirik gabeko ekimen garrantzitsuak izan ditugu martxan. Horietako bat da Sasoibide proiektua (https://labur.eus/sasoibide).
2018ko azaroaren 8an egin zuten lehen irteera: Arrasateko Biterin hasi, eta Ekiloreraino. 10 bat lagun bildu ziren orduan. 2 urte pasata, 20 lagunetik gora elkartu izan dira ostegun goizetan. 55 urtetik gorakoak denak, osasuna zaintzeaz gain harremanak josi nahi dituztenak.
Bi emakumeren ilusio eta lan gogorrarekin hasi zena, proiektu kolektibo ederra bihurtu da. Eta gizonezko batzuk ere batu diren arren, emakumeak dira gehiengo, emakumeak dira protagonista. Emakume ahaldunduak, indartsuak, bizitzako une gogorrei indarrez aurre egiten dietenak. Baina baita bata bestearen alboan egoten dakitenak, elkar babesten, zaintzen.
Pandemiaren kalteak guztiok ari gara sufritzen, modu batean edo bestean. Batzuk gertukoen gaixotasun edo heriotzengatik, eta gehienok distantzia sozialak eta muturreko egoerak sortutako tentsioagatik. Dena den, esango nuke azken hilabeteotan gehien sufritu dutenak gure nagusiak direla. Etxetik irten gabe eta isolatuta denbora luzeena pasa zutenak, eta hutsuneak eta bakardadea gehien sufritu dutenak.
Muturreko egoerek muturreko neurriak eskatzen dituzte, baina baita elkar zaintzeko proiektu eta ekimen txikiak ere. Eta horixe izan da Sasoibide pandemia garaian. Dozenaka lagunen sostengu, konpainia, laguntza.
Zorionak eta eskerrik asko proiektuan sinetsi eta ilusioa mantentzeagatik. Sasoibidek sasoiko segi dezala urte luzez!