Berriz ere, bulegoa komuneko paperez bete zaigu. Paper banatzailea arduratuta izango dugu hainbeste katarro, alergia eta doministikurekin. Edo, nork daki, berari eskainitako artikulua irakurriko zuen akaso. Kontua da artikulu honen izenburuak ere eman duela zeresana gurean: gehiengo sinplez erabaki behar izan dugu lankideok, ezin adostasunik lortu.
Komunetik behera zen nire lehen aukera. Prestatu gabeko bilerak, proposamen antagonikoak, itsukeriak, itxurakeriak, erresistentziak… eta txermenak. Guztiak bildu, eta guztiak komunetik behera. Ti-ta. Halako zabor pilarekin, baina, estolderietako langile finak etorriko zaizkidala kargu hartzera, hori ere pentsatu dut. Araztegian ikaragarrizko panoramak ikusten direla kontatu ziguten duela gutxi. Bikotekidearen lantokiko bulegokoek konpresak, hori banekien, baina fardelak ere botatzen omen dira, pentsa! Egun hartan jakin nuen biodegradableak diren toallatxoak ez direla hala, eta ile luzeekin batera tuberiak ataskatzeko arrazoietako bat direla.
Lankide bat ez dago batere pozik gaiarekin. Esan dit halako artikuluak ez direla ostiraletan irakurtzekoak, aldatzeko gaiz behingoaz. Ulergarria, nola ez. Komun kontuak beti izan baitira tabu gurean, are gehiago emakumeon artean… fardel kontuei buruz ari garenean izan ezik.
Kuriosoa da nola lotzen dituzten fardelek bizitza eta heriotza. Ilusioa eta tristura.
Azaroaren 30eko greba feministan fardelez ere arituko gara. Zaintzaileak zaintzeaz. Zaintza sistema publiko eta duinaz. Eta ipurdia garbitzeaz, horretaz ere bai.
Banatzaile jauna, zure baimenarekin paper rollo handi horietako bat gordeko dut giltzapean. Hezkuntzako desorekekin eroso bizi direnei pasaiezu faktura. Akaso, beharbada, noizbait, tripako kalanbreak etengo zaizkigu, baina digestio gogor hauek ez ditugu behinola ahaztuko.