Komuneko papera

Entzierroa komentatzen genbiltzala, tinbrea. Komuneko paper banatzailea etorri zitzaigun bulegora, Usurbildik zuzenean. Ez geunden komuneko paper beharrean, baina banatzaileak argi zuen: komuneko papera da enpresa batetako gauzarik garrantzitsuena. Ez folioak, ez wifia, ez inpresora. Komuneko papera.

Kontatu zigun duela urte pila bat Olaberriako lantegi handi eta garrantzitsu batekin izandako pasadizoa. Nagusietako batek deitu omen zion telefonoz, laguntza eske. Arazo larri bat zutela, enpresan komuneko paperik gabe gelditu zirela, eta langileak sutan “zeuzkala”. Larria izango zen, bai, kalean “kategoria baxuagokoak” ikusteko gai ez zenak bere izenez deitu zionean.

Lanetik irten eta etxera itzultzean, ezin izan nion tentazioari eutsi. Pasadizoak protagonismoa behar zuen, bai edo bai. Eta, aizue, mundu berri bat deskubritu dut. Munduari komunetik begiratzen hasi naiz orain. Klase borroka, borroka feminista, parrandak… guztiek oinarri (aman)komuna dute orain.

Bikotekideak kontatu zidan bere lantokian bi komun klase daudela: bulegoan lan egiten duten langileenak eta biltegikoenak. Lehenak, duin eta komuneko paperarekin. Bigarrenak, oso maiz hondatuta eta, jakina, ia beti paperik gabe.

Parrandan, elkarrizketak ez du amaierarik. Lagun batek dio kasualitatez bera dela beti komuneko papereko rolloa aldatzen duena. Ziur aski etxean ere sarri gertatuko zitzaizuen. Papera erdi gastatuta batzuetan, eta rollo zaharra erretiratu gabe berria hasita, askotan.

Ikasturtea halaxe hasi dugu lanean, bakoitza bere rolloarekin. Batek 3 kapako garestiena erosten duela, besteak erdibidekoa, eta Biziolan, berriz, marroiak saltzen dituztela. Ekologikoak eta birziklatuak. Beherakoarentzat gomendagarriegia akaso ez, baina aizue, inkoherentzien zerrendan gauza bat gutxiago.

Bide batez, irakurtzeko modukoa Wikipedian komuneko paperari buruzko historia pixka bat irakurgai.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude