Azken aldian “soldata emozionala” kontzeptua hainbat espaziotan entzun dut; funtsean, soldata prekarioak disimulatzeko espresio ponposoa da. Baina bai, egia da proiektu sozialetan lan egiten dugunontzako eurotan neurtu ezin den balio erantsia duela lanak, sinesten dugun proiektuan aritzeak zentzua ematen diola egunerokoari. Dena den, pasio horrek baditu bere arriskuak eta muga beharrak: lan-ordu kopurua, ordainsariak, (auto-)presioa, lan-karga… Esango nuke are nabarmenagoa dela hau pertenentzia sentimendua eta ideologizazioa garrantzitsua den eremuetan; izan mugimendu aktibistan, lan burujabean edo alternatiba sozioekonomikoen aldeko borrokan.
Eta non dago muga? Non dago militantzia eta lan duinaren arteko muga? Non proiektu kolektiboaren eta zaintza pertsonalaren artekoa? Galdera konplexua da, baina lehenbailehen ebatzi beharrekoa. Inpresioa daukat lehertzera doazen heltzeak txoko guztietan ditugula, pandemiaren ondorengoak oso pixkanaka ari direla azaleratzen oraindik. Egiteko beharra geure gain sentitzen dugu, eta erruberari buelta eta buelta jarraitzen dugu, errubera askatzeak beldurra ematen duelako akaso. Jan ere, jan behar dugulako.
Ihesbideak ihesbide, egituratutako tresnak behar ditugu, leherketak eta bajak ez daitezen eguneroko ogi izan. Planteatu beharko genituzke zaintzarako espazio egituratuak eta arautuak gure erakundeetan, izan kooperatiba industrial, mugimendu sozial edota sindikatu. Behar ditugu konfiantzazko eremuak, espazio seguruak, gure ezinegonei erantzungo dizkieten guneak. Akaso, ohiko enpresetako ordezkari sindikalen figura berreskuratu behar genuke, bereziki arrisku psikosozialen jarraipenerako.
Zalantzarik gabe, bizitza erdigunean leloarentzako tresnak behar ditugu, ez dadin eslogan hutsa izan. Ez lanean, ezta militantzia esparruetan ere.