Hainbat dendatan aurkitu ditzakegu produktu loteak. Esaterako, babarrun platerkada prestatzeko barazki sorta: porru erdi, kipula bat, piper eta azenario pare bana, eta patata bat. Pertsonalizatzeko aukera ere badugu: prestatu gabeko barazkien artean aukeratu, eta batu erosketa orgatxora. Saltzailearentzako aukera ona da, sukaldean pretentsio handirik ez edota kozinatzeko denbora apenas daukan publikoarengana iristeko modu erraza baita.
Bereziki sektore ahulenetan salmentarako berrikuntzak ezinbestekoak ditugula jakin arren, argi izan behar dugu zein den sorta hauen atzean dagoen helburua: saltzea. Plastiko poltsatxoetan salduta ez dugu merkatuaren logikarik aldatuko, ez dugu eredua eraldatuko. Biziraupena epe motzeko estrategia da, eta alboan behar du epe ertain eta luzeko begirada.
Europako diru-laguntzekin eta energia burujabetzarekin gauza bera gertatzen ari zaigu azken aldian. Loteak ari zaizkigu nonahi eskaintzen. Egitura juridiko “sozialaren” diskurtsoarekin produktu huts bat saltzen ari zaizkigu, negozioa egiteko helburu bakarra duena. “Zatoz, kontrata gaitzazu eta guk sortu eta kudeatuko dizugu komunitate/kooperatiba bat”. Atzean ez dago eraldaketa proiekturik, hitz egin dezagun garbi. Gure asmo onak negoziorako erabiltzeko asmoa dago soilik.
Energia burujabetza eta trantsizioa kontu konplexua da, ideologizazio eta ahalduntzea eskatzen du. Loteek gauzak erraztu ditzake, baina oinarriak bestelakoak dira. Oinarrian dagoena baita herritarrak eta komunitateak ahalduntzea, ideologizatzea, antolatzea. Helburua ez da kooperatiba instrumentalak sortzea eta sorkuntza kolektiboa bultzatzea. Helburua da energia trantsizio eta burujabetza geure egunerokora ekartzea, unean uneko eta lekuan lekuko estrategiak lantzeko gaitasuna lortuz. Eta hori ez da lote komertzial hutsak kontratatuta lortzen.