Kooperatiba politikoak

1985ean ULARCOko Zerbitzu Zentralek bultzatutako ikerketa pilotua dut esku artean: La experiencia de Mondragón como proceso. 1971n ULGOReko Kontseilu Sozialak jasotako hausnarketa irakurri, eta begiak zabal-zabalik jarri zaizkit: “jarrera kontsumistak, austeritatetik urrun daudenak eta kapitalistak” hazten ari direla dio, eta beharrezkoa dela formazio kooperatiboa. 1971n, bai. Frankismo garaian, krisi bezperatan, kooperatibak hazkunde bizian murgilduta zeudela.

Ildo beretik, azken urteotan formazio kooperatiboari garrantzia eman zaio hainbat kooperatibatan, oinarri sozial eta kooperatiboaren galerari erantzunez. Hala ere, esango nuke formazio saioak neurriz kanpo baloratzen ditugula maiz. Ezinbestekoa dugu kooperatiben oinarriak eta balioak ezagutzea, baina kooperatibismoa ezagutzaz harago doa. Norbanakoen militantzia, ardura soziala eta konpromisoa daude oinarrian, eta horren gabezia ezin dugu soilik formazio kooperatiboarekin bete.

Kontrataziora joan behar dugu, beraz. Arizmendiarrieta zenak ere bere ardura adierazten zuen kontratazio politikaren inguruan. Profil teknikoa soilik bilatzen da sarri(egi), curriculum beteena, nota onenak. Salbuespenak badiren arren. Gogoan dut, adibidez, geure aitak elkarrizketetan ekimen sozialetan parte hartzea baloratzen zuela.

Kooperatibak, definizioz, erakunde politikoak dira. Eredu kapitalista basatiaren aurrean alternatiba bilatu nahi dute, eraldaketa eta garapen soziala ipar izanda. Baina kooperatibak ez dira gauza abstraktu bat, norbanakoz osatutako erakundeak baizik. Eta norbanako hauek ez badute konpromiso sozial eta politikorik, kooperatiba ez badute eraldaketa sozialerako tresna gisa ulertzen, zaila izango dugu benetako alternatibak eraikitzea. Formazio kooperatiboak norabidea ez galtzen lagunduko digu, baina oinarriak finkatu behar ditugu lehenik.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude