Uztailaren 15etik artikulu hau buruan, baina ezin hitzak topatu, aita.
Bi hilabete pasa dira jada. 2 hilabete Gasteizko ZIUn hil zenetik. Maite zaitugunez inguratuta. Guztiok batuta, besarkada amaigabeetan murgilduta. Astea ere hala pasa zenuen, anai-arreba eta ilobez inguratuta. Leku hotza epel bihurtu zuten guztiek, belarrira xuxurlatutako abesti iraultzaileekin, irrintziekin, barre algara eta eskertza sentikorrenekin.
Guztiok agurtu nahi zintugun, aita. Maite zaitugula esan, guri eta komunitateari emandako guztia eskertu… eta iristea nahi ez genuenari aurre egiten saiatu. Halaxe darraigu.
2 hilabeteotan errekonozimendu hitzak jaso eta jaso ari gara, oraindik ere tantaz tanta iristen ari direnak. Kooperatiben mundutik, euskalgintzatik, herrigintzatik… Baina baita hainbeste lagundu zenienen eskutik ere. Izan ere, herrigintzak izan zintuen, baina baita familiak eta gertukoek ere. Nola lortu zenuen, oraindik ez dakit.
Lasai egon zaitezke, aita. Ondo ikasi dugu mundu hau hobetzea guri ere badagokigula. Komunitatea txikitasunetik eta umiltasunetik indartuz. Hitzetatik harago, utopia ekintzetatik eraikitzen segiko dugu. Bakoitza bere txokotik, gizarte justuagoa ipar. Euskalduna, abertzalea, langilea… eta feminista. Iraultza horri ere gogoz helduko diogu, aita. Zuk emandako tresnak egungo erronka handiei aurre egiteko erabiliz.
Eta, nola ez, Joanes txikiak ere ezagutuko zaitu. Mundu justuagoarekin zenuen konpromisoa transmititzen ahaleginduko gara. Utopiaren errealista izaten saiatuko gara, txikigintzaren ameslariak, zu moduan.
Mila esker, aita. Mila esker zeuri ere, ama. Aita zena, zuri esker izan zelako. Mila esker etxekoei, lehengusu eta osaba-izebei, lagunei, malkotan eta irribarretan lagun izan zaituztegunoi. Eta Gasteizko profesionalei, bidelagun goxo izan zaretelako.