Orain dela hilabete batzuetatik Coop57-ko bazkide naiz. Finantza sozialak bultzatzen dituen kooperatiba da, egoitza Katalunian eta Euskal Herrian nodoa duena. Zertarako egin nintzen bazkide? Ba, bazkide laguntzaile gisa, nire aurrezkiekin proiektu sozial berriei laguntzeko eaukera ematen didalako. Potentzialtasun handia duen proiektua da, beste ekonomia eta finantza eredu bat bultzatu nahi duena.
Perspektiba pixka bat hartu, eta kontsumitzaile edo/ta militante moduan, eraldaketa sozialeko beste hainbat proiektutan murgilduta nagoela konturatu naiz: Argia, Goiener, Eticom, Goiena, ELA, Bagara…
Kuriosoena da, militante “sozial” zein euskaldun gisa ere, erakundeotan sentitzen naiz ni erosoen. Izan ere, bestelako eredu baten aldeko izaeraz gain, proiektuok badute ezaugarri komun eta berezi bat: euskara da tresna, helburuz harago.
Berriz, kalera irtetean sentitzen naiz arrotz, Debagoienan zein Goierrin. Nire eskubideak etengabe urratuta sentitzen ditut, baita administrazio publikoan ere. Baina erakunde publikoen erantzukizunaz (eta txantxangorriez) harago, guk ere badugu ardura. Zuk ere baduzu errealitatea aldatzeko ahalmena.
Horrexegatik behar zaitu euskalgintzak. Horrexegatik nahi zaitugu euskalgintzan. #Zurekin ez bada, honek guztiak ez duelako zentzurik. Gu garelako helburu. Eta zu oinarri.
Ongi etorri geurera, militante, bazkide, euskaltzale! Ongi etorri AED/Txatxilipurdi/Ekinera!