Berriro itzuliko balitz…

Abixurik eman gabe etortzen zara burura, aittona. Xabier Leteren Habanerarekin malkoak isuriz, behin eta berriz.

Zure bihotzeko amoña Maritxurekin utzi zintugun Bidaniko kanposantuan, pasa dira jada bi urte. Habanera kantatu genizun, Arrasateko Gorrotxategitarrek osatutako bertsoekin. Negar malkotan ginen, eta badirudi musika goxo hori iltzatu zaidala barrenean.

Malkoak begitan, zure ziklista garaiak gogoan, irribarrea bihotzean eta beste hamaika goxotasun eta historia barnean.

Azken aldian asko hitz egiten dut zuri buruz, aittona. 1936an gerra lehertu bezperan Madrildik Azpeitira egun baten nola iritsi zinen bizikletaz. Azken kilometroak patata zakua bizkarrean jarrita. Gizon ausarta zinen, aittona. Gerra garaian gudari, Intxortan eta Gernikan. Baina iluntasuna kendu nahi izan zenuen burutik, irribarrez eta maitasunez betetako bizitza eraikiz. Eta hala gelditu zara gu guztiongan, aittona.

Gustura entzungo nituzke orain zure hitzak, maitasunari, bakeari eta familiari gorazarre egiten zien hitz horiek. Renfeko garaiak, taxista zineneko abenturak, txirrindulari zinenekoa, baita familiakoen Azpeitiko baserriko teilatua konpontzen erori zineneko hura ere. 80 urte inguru izango zenituen. Gazte zinen orduan ere. 94 zenituenean egoitzakoak zaharrak zirela esaten zenuen, gogoan dut. Teilatuak eta kotxeak, edozer konpontzeko prest beti.

Udaberriko besarkada goxo bat, inon egon gabe ere jasoko duzuna, aittona. Eta Xabier Leteren kanta hau berriz ere zuretzako.

…Karta bat idatziko dut, norbaitek erantzun dezan…

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude