Kooperatibak alternatiba eta erresistentzia gisa

Beldurgarria, nolabait esatearren. Beldurgarria da inolako lotsarik gabe inposatu dizkiguten enpleguaren gaineko neurriak ezagutzea. Gero eta gehiago entzun beroiei buruz, gero eta ikara handiagoa sartzen zait gorputzean. Eta Greziako iraultza datorkit burura, eta Euskal Herrian zein Espainian dagoen erreakzio falta. Beharbada bat-batean lehertuko da guztia, eta Greziako erresistentziaren biolentzia iritsiko da kalera. Baina ez gaitezen itsutu, biolentzia praktikatzen da, merkatu finantzario eta botere ekonomikotatik. Boterearen biolentzia eta krudelkeria da greziarren egoera gero eta okerragoa egingo duena, Frantzian hainbat suizidio eragin dituena, aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago egingo dituena. Nolabait, kapitalismoaren krudeltasuna 1. mundura iritsi zaigu. “Guk” egindakoa “guri” iritsi zaigu, bueltan. Sikiera, lapurtu diegun herrialdeen mendekua balitz…

Egoera kezkagarri honetan, eta lan erreforma gogorrak ezagutzen ari garen honetan, kooperatiben rola etorri zait burura. Kooperatibak, izaera juridiko hutsetik harago, erresistentziarako eta langileriaren eskubideak errespetatzeko tresna direla iruditzen zait.
Kooperatibek badituzte tresna propioak, autogestioan eta boterearekiko independentzian oinarrituta barneko erabakiak har ditzaketenak. Bazkide guztien artean erabakitzen dituzte aurrerakinen (ordainsarien) ingurukoak, interesak kobratu ala ez, ordu gehiago edo gutxiago lan egin… Independentzia badute, badituzte tresnak, bere langileriaren eskubideak errespeta daitezen. Eta kontzientzia hori indartu beharko litzateke. Kooperatibako kideak, eraldaketa sozialerako tresna den heinean, kontziente izan beharko lirateke zein garrantzitsua den bere rola egungo egoeran. Beren bokazio sozialarengatik, langileriaren eskubideak hobe ditzakete, ebentualen kaleratzeak halako “merke” ez egin (gobernuak agindu bezain merke), irabazien 9 hilabeteko jaitsieraren aurrean sistematikoki langileak ez kaleratu…

Benetako tresna eraginkorrak izan daitezke. Zer behar da hori errealitate bihurtzeko? Nire ustez honakoak dira gakoetako batzuk:

  • Formazio kooperatiboa. Kooperatibako bazkideak (zein ebentualak) kontziente izan behar dira kooperatibak ez direla helburu ekonomiko hutsak dituzten erakundeak. Duten zeresan soziala izan behar dute kontuan, eta kooperatibek dituzten tresnak ondo ezagutu, benetako alternatiba izateko baliagarri izan daitezen.
  • Ezagutza zabaldu. Egoera sozioekonomikoaren inguruko informazioa/formazioa izatea, kultura soziala sustatzea, jendartearen egoera eta beharrez kontziente izateko, eta beren rola argiago ikusteko.
  • Independentzia. Botere ekonomikoekiko izan beharreko independentzia buruan izan behar dute. Merkatuen neurri antisozialei men ez egin, eta ahal duten neurrian alternatiba erreal gisa lan egin. Helburu sozialak, utopia kolektiboa, aintzat hartuta.

Horiek, besteak beste. Ez da erraza begiak zabaltzea, eta kide bakoitzak duen erantzukizun gehigarriaz kontziente izatea. Pisu handia suposa dezake kooperatibako kidearentzat. Aldiz, mugimendu kooperatiboa hedatzen badugu, eta jendartearen artean erakunde sozioekonomiko hauen garrantzia zabaltzen bada, kooperatiben sare bat osatu dezakegu, eta guztien artean alternatibak eraiki, gutxi batzuen esku utzi gabe. Irla kooperatiboen sare kooperatiboak. Elkarlanean eta elkartasunean oinarritutakoak.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude