Herrigintza, euskara eta komunikazioa

Badakit sarean orain dela gutxi eztabaidatzen aritu zirela hainbat lagun, sarean erabili beharreko hizkuntzaren inguruan. Eta hainbat iritzi irten ziren (nola zen hura, “zenbat buru, hainbat aburu”?). Ez nintzen oso adi egon eztabaida hartan, zoritxarrez, baina gaurkoan hitz batzuk idatzi nahi nituen horri buruz. Gaurkoan, nire ezezagutzatik, sarean enpresek duten euskararekiko trataerari buruzko hitz batzuk idazteko asmotan zabaldu dut bloga, euskaltzale (sentitzen) naizen heinean ditudan pertzepzioetatik abiatuta.

Erabilgarritasunagatik eta efizientziagatik euskararen erabilerari uko egiten dioten jarreraren isla diren webgune, ikus-entzunezko eta bestelakoak datozkit burura. Efizientzia aldetik, uler dezaket irakurle eremu zabalenari bideratzea dela gomendagarriena, eta niri ere blog honetan zaila egiten zait batzuetan euskara ez den hizkuntza batean idaztea. Hala ere, erabili dut noiz edo noiz, bereziki mezu konkretu batzuk irakurle jakin batzuei bideratzeko. Beno, ba efizientzia horren bila, logikoa iruditzen zait, bai. Hori ere aitortu beharra dut. Baina…

Demagun efizientzia buruan dugula, baina herrigintza eta kultura “bezeroekiko” tratuan nahasten direla. Orduan bai gatazka! Nire logikatik, euskara azken aukera gisa izateak euskaltzaleak diren bezero potentzialak atzera bota ditzake (eta ez dut uste astakeria denik).

Eta pentsatuko duzue: baina euskaraz idazteak euskaldunak ez diren bezero potentzialak atzera botako ditu, era berean!

Nolako gatazka, ezta? Errespetua, komunitatea, lehiakortasuna, efizientzia…

Itxi begiak une batez (ez literalki, bestela ezingo duzue irakurri!), eta imajina ezazue atzerriko erakunde baten webgunera jotzen duzuela. Eta hori bai sorpresa! Erakunde horrek hainbat mezu ditu, ulertzen ez dituzunak, lekuko komunitateko hizkuntzan idatzitakoak. Eta itzelezko pena sentitzen duzu, mezu horiek ezingo dituzulako irakurri. Baina… imajina ezazu, orain, hizkuntza hori gutxitua dela, galtzeko arriskuan egon dena eta dagoena, eta komunitateak itzelezko ahalegina egiten duela uneoro hizkuntza hori gal ez dadin. Zer sentituko zenuke orduan? Ziur mezu horiek ez ulertzeak eragindako atzerakada hori, enpresa edo erakundeak herriarekiko eta hizkuntzarekiko duen errespetuarekin ahaztuko zaizula. Ez al da hala? Bat-batean, puntu batzuk irabazi ditu erakunde horrek, eta baliteke jorratzen dituen gaiak ezagututa enpresa horretara joko duzula, informazio orokorra hainbat hizkuntzatan badagoenez, badakizulako zertan ari diren.  Sinpatiagatik besterik ez bada ere.

Ez dakit, benetan, zein den neurria, non dagoen oreka. Nik bihotzetik idazten dut euskaraz, eta gauza batzuk euskaraz aurki ezin ditudanean min pixka bat ematen dit. Ez zait axola ingelesez irakurtzea, edo gaztelaniaz, baina iruditzen zait herriarentzat lan egiten duen erakunde batek (halakoak dira gaur egungo enpresak, ezta?), begirunea erakutsi beharko lukeela bere kulturarekiko. BERE kulturarekiko, ez baikara ari Txinako komunitate txiki batek hitz egiten duen hizkuntzari buruz. Gure hizkuntzari buruz, euskarari buruz, ari gara. Gure nortasunaren zati esanguratsua den euskarari buruz.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude