Debagoieneko lehen #Tobera: Arrasate errudun

Banuen gogoa Toberari buruzko hitz batzuk idazteko, hainbat arrazoigatik. Gaurkoan, azken egun frenetikotatik pixka bat deskantsatu ondoren, badoaz.

Ezer baino lehenago, eta girotzea ezinbestekoa denez gero, hona hemen Aitor Sarasuak idatzitako bertsoak, hunkigarri eta egi frankoz betetakoak. Hartu minutu batzuk ikusi eta entzuteko, merezi du-eta.

“Tobera: fauna txiki bat” Aitor Sarasuak egindako kopla ederra from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Hasiera hunkigarria izan genuen bertsookin, benetan hunkigarria. Lehenengo barre algarak, baina, Goienako zuzeneko erretransmisioarekin hasi ziren. Hona hemen akusatuetako baten hitzak:Tobera: Goienako konexioa from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Eta handik aurrera, barre algarez eta autokritika eta hausnarketarako unez betetako ordu eta erdi inguru izan genuen. Kronikak hemen eta hemen topatuko dituzue, besteak beste.

Egia esan, entseguekin hasi ginenean nik behintzat ez nuen uste halako zerbait egingo genuenik. Amaia Antzokia bete zen (jendea atean sarrerarik gabe geratzera arte), eta publikoak harrera aparta egin zien gure hitz eta trufei, hasieratik bukaerara arte. Bazegoen jende heldua, baita gazteak ere. Eta gazteak bertan izateak badu garrantzia, esangura. Bertan bota genituen kritikak ez ziren mugimendu kooperatiboa lanaren lanaz altxa zuten horientzako, atzetik beraien lanaz probestu garenontzat baino. Eta gazteenek entzun egin zituzten bertan botatakoak.

Tobera hau eraikitzeko prozesua, bide hau, itzela izan da, maila guztietan. Herrigintzaren konpromisoaz gozatu dut, jendearen baiezko errazek eta borondateak zur eta lur utzi naute, eta zer esan taldean sortutako loturaren indarraz… ikaragarria. Are ikaragarriagoa toberaren baitan zeuden hausnarketa sozio-politiko-ekonomiko… eta abarrak kontuan izanik. Benetan jende anitza, lotura zuzenik gabekoak asko, eta San Prudentzioko muga gaindituta ezagutu ahal izan ditugun beste hainbat altxor.

Aktoreak? Itzelak. Pregoilariarekin hasi zen guztia. Aitor (Iza) ederto aritu zen lehen hitzetik, bereziki grazioso, batez ere mozkor plantak egitean! Epaile jauna (Mikel), dotore, Debagoixeneko seme izendatuko zaittugu azkenian! Beti burua martxan, adi, guztiari so! Konpainia aparta zenuen alboan… gure punki maitagarrixa, la Vinagre (Miren)!  Fiskal anderea (Ainhoa), dotore eta gogor, burua azkar, zure lehiakidearen gisan. Abokatu jauna (Eneko), bere saltsan, eguneroko inprobisazioan, abilezia handiz. Bergarako lekukoak, berriz, eleganteak, zentzu guztietan (Aitor, Ane Miren eta Enaitz). Almeneko ikasleak… zer esango dizuet ba! Barre franko egin dugu zuokin, gure Lili (Eneritz) eta Lulu (Kepa) maiteak! Salto ta salto, bira ta bira… Eta gure Amandre Santa Ines, zu bai altxorra (Larraitz), nola egin duzun lan, gogor. Abokatu jaunaren Pasantea (Ion) ere, nola ez, itzel! Eneko are gehiago “handitzen” zen zu alboan zintuenean! Arrasateko akusatuak… zuek bai akusatu makarrak! Aitziber eta Pollu, biak ala biak, autentikoak!

Arizmendiarrieta, Ehunate Giltzarri Mondragon, Hartza, Pitxu, Platon eta Aristoteles, epaimahaikideok, nazioarteko begiraleok eta atzeko lan gogorrean aritu zareten guztioi, mila esker esperientzia hau posible eginagatik! Zuri bereziki, Urru, zure azkartasunarekin eta begirada zorrotzarekin epaiketari zukua ateratzea lortu duzulako, artefakto aparta gure esku utziz!

Tobera Debagoienan geratzeko iritsi dela irakurri nion norbaiti. Ziur naiz hortaz. Hurrengo herria zein izango den ez dakigu oraindik, baina badago zer landu, izan ziur!

Laster arte, compañeros! Eta ez, ez gabiltza “esquivando contradicciones”, beroiei aurre egiten hasi gara!

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude