Zenbakien garaian gaude. Aurrekontuak lanean, etxean eta titularretan. Gobernuetatik errepikatu zaizkigu urteroko leloak eta esaldi potoloak: “inoizko aurrekontu sozialenak”, “zerbitzu publikoen aldeko apustua”, “hezkuntzan inbertitzen duen gobernua”… Hitz hutsak, kea; pixka bat arakatuz gero, nabarmena baita aurrekontuon helburua, funtsean, sistema (kapitalista) bere horretan mantentzea dela.
Baina bada beste modu bat kontuak egiteko. Bada beste modu bat kapitala helburu ez izateko. Eta, administrazio publikoak halakorik bermatzen ez duen bitartean, norbanakoon, komunitatearen eta sareen ardura kolektiboa da oinarrizko beharrak estaliko dituen funtsak eta tresnak sortzea. Eta, hau diot, Koop57-ren 10. urteurrena ospatu berritan. Hau diot, Gasteizko topaketan bizitako familia giroa gorputzean. Hau diot, proiektu sozioekonomikoen bihotza ikusten duen Koop57-ko bazkide izateaz harro.
Koop57 kooperatiba finantzarioak lagundu zion Goienerri, kooperatibak bizi izan duen estualdi finantzario handienetakoan. Koop57k lagundu zion Biziolari, Goierri eraldatzeko ametsari hanka finantzarioa eskainiz. Koop57k lagundu zien Zituene, Abaila, Eskutik, Hiruki Larroxa, Katakrak, Kaxilda, Tapuntu, Aiaraldea… eta beste hamaika elkarte eta kooperatibari.
Ez dago esker hitz nahikorik Koop57ri urteotan egindako lana eskertzeko, izen-abizenekin. Liher, Jone, Pau, Maider, Unai, Nora, Gorka, Amaia, Beñat, Marta, Txutxo, Andoni, Iker, Urtzi… eta Coop57-ko lurralde sailetan dauden milaka bazkideei: mila milioi esker.
Eta 10 urte barru, zer? 10 urte barru bazkideak eta funtsak biderkatuta izango ditugu. Gero eta gehiagok sinetsiko dugu diruak bihotza ere izan dezakeela, eta kontu korronte ilunetan baino, hobe dagoela Koop57-ko funtsetan. Koop57-n inbertitzea, bizitzan inbertitzea delako.
Artikulu hau Argia aldizkarirako idatzitako kolaborazio bat da. Hemen dago irakurgai, cc-by-sa lizentziapean.

