Gure sare sozialetan

2009ko otsailean sortu nuen Twitter sarean kontu pertsonala. Denbora pasa den arren, irribarrez oroitzen ditut urte haiek. Sare sozialak komunitatea sortu, eraiki eta elikatzeko erabiltzen genituen garai hartan. Egoa puzteko beharra orduan ere bazen, baina saregintzarako eta elkarlanerako gogoa eta indarra zegoen atzean.

Aspaldi da Twitter eraldaketarako tresna gisa bizi ez dudana. Beti izan da enpresa pribatu bat, bai, gure datuak eta informazioa baliatu dituena negozioa egiteko. Hortaz kontziente izanda ere, eskaintzen zituen aukerak baliatzen saiatu gara, kontzienteki. Kontrabotererako, aldarrikapenerako eta egitasmoen dibulgaziorako. Baina azken urteotan giroa bereziki gaiztotu da, gaiztotu dute, horretarako algoritmoak erabiliz.

Kontrara, zorionez hor dugu Mastodon, gure espazio seguru, zaintzaile eta osasuntsua. Mastodon.eus aurkeztu zela 5 urte badira jada, baina azken urtean bereziki indartu den sare soziala da. Euskaraz bizi den, euskaratik sortzen den eta euskaraz eraikitzen duen sarea. Euskalgintzak eta herrigintzak ezinbesteko duena.

Eta, horregatik, harriduraz eta kezkaz bizi dut euskalgintzako eta herrigintzako hainbat erakunde eta eragilek oraindik espazio horretarako jauzia eman ez izana. Ulertzen dut beste sare sozialei uko ez egitea, baina uste dut zenbait komunikabidek eman duten jauzia orokortu beharko litzatekeela, komunitate propioak indartu nahi baditugu behintzat.

Dena den, bakoitzari berea. Tokiko komunikabideei ahalegin gehigarriak eska diezazkiekegu, baina politika publikoak dira ikus-entzunezkoetan, kulturgintzan eta sareetan euskara sustatzeko gakoak. Zentzu honetan, Aldatu Gidoia moduko egitasmoak sortzeak arazoa kokatzeko balio digu, Eusko Jaurlaritzaren gain fokua jarriz. Hori bai, ahaztu gabe txikitik eragiteko gaitasuna txikiok dugula.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude