Txikitatik gustatu izan zait idaztea. Ikastolan nenbilenean gustura betetzen nituen etxeko lan horiek. Beno, idazteko gairen bat bururatzen zitzaidanean behintzat. Izan ere, pelutxeen izenak adibide, imajinazioa ez da espresuki neure indarguneetako bat. Lagun bati entzuna diot guztiok garela sortzaileak, baina mugak jartzen dizkiogula geure buruari. Zeinek daki.
Sarri entzun izan dut blogak tresnak direla, helburuak lortzeko edo lortu bidean eragiteko erremintak. Badira euskarazko edukiak sortzeko (eta beraz interneten euskararen presentzia biderkatzeko), badira hainbat gai lantzeko eta masa kritikoa sortzeko, badira sareak eraikitzeko (kaixo bakalhautar eta blogsovietarrok), noizbehinka (ez oso sarri) badira sentimenduak eta minak plazaratu eta arintzeko, eta, beno, marketinerako ere badira blogak.
Horiez guztiez gain, neuretzako idazle izaera frustratuari irtenbidea topatzeko modua ere bada bloga. Paperean inork argitaratuko ez lituzkeen arinkeria eta sasi-sakonkeriak plazaratzeko modua. Hala ere, badaukat noizbehinka bloga eguneroko moduan erabiltzeko tentazioa, kandadurik gabeko eguneroko gisa. Inork irakurriko ez lituzkeen horiek, edo inork irakurtzea nahiko ez nukeen horiek, edo… gutxi batzuek irakurtzea nahiko nukeen mezu horiek idazteko. Aurrerago, zeinek daki.