Eraikitzailea izateko zailtasunekin hasi dut artikulua, hitzak amorruz jaurtiz. Amorruz, Confebasketik (zein Jaurlaritzatik) zabaldutako azken mezuekin. Amorruz, komunikabide nagusietan kontrako diskurtsoek lekurik ez dutelako, soldata jeitsiera edota kaleratzeak irtenbide bakarra direla errepikatzen digutelako. Amorruak, baina, bide motza du. Gauzak aldatu ahal izateko, inpotentzia eta etsipena gainditzea ezinbesteko dugu.
Alternatibak egon, badaude, baina ez dira mainstream, argi dago. Alternatibek ez dutelako komunikabideak kontrolatzeko gaitasunik… ezta kontrolatzeko asmorik ere. Ekonomia zein gizartea ulertzeko modu ezberdina baitu ekonomia sozial eraldatzaileak. Bai, ekonomiak ez duelako zertan kapitalista izan, soziala ere izan daitekeelako, bizitza erdigunean duena.
Hala ere, ez genieke komunikabideetan ez dugun presentzia soilik kanpo faktoreei leporatu behar. Batetik, amorruak moduan, horrek bide laburra eskaintzen digulako. Baina, bereziki, mezua geure inguruan zabaltzeko arduradun nagusi gu geu garelako.
Kooperatibistok, ekonomia sozial eraldatzailean murgildutako eragileok, gure ereduaren bertuteak aldarrikatu behar ditugu. Azaldu behar diegu gure seme-alaba, guraso eta lagunei soldatez harago, lan eredu kooperatiboak badituela beste bertute batzuk: malgutasuna, kontziliazioa, bizitza, konpromisoa eta elkartasuna, besteak beste. Hori guztia da ekonomia sozial eraldatzailea. Edo, behintzat, hori guztia lortzea da gure helburua.
Hain zuzen ere, hurrengo astetan Goierrin abiatuko den Koopfabrika-k lagunduko digu diskurtso hori osatzen, sendotzen. Eredua hedatu eta saretzeko lanean, pausu berri bat. Bizitza erdigunean jartzea posible dela berresteko aukera berri bat.