Utopiaz harago

Goierriko Koopfabrika hasi genuen pasa den astean Ordizian, BiziOla sarearen ekimenez eta Olatukoop eta Ordiziako Udalaren laguntzaz. Kooperatibismoaz, Ekonomia Sozial Eraldatzaileaz eta alternatiben saretzeaz aritu ginen, baita lurraldearen egituraketari buruz ere.

Bazen saio horretan Debagoienera itzularazi ninduen zerbait. Aita oroitu nuen, jakina, gozatuko baitzuen kooperatibismoaren irakurketa integral harekin. Baina harago, mugimendu kooperatiboaren saretzearen ilusioa zen nagusi bertan. Eta hala izan da Goierriko ESEa saretzeko abiatu dugun prozesuan: eskualde mailako hainbat eragile elkarlanean, komunitatearen ongizatea ardatz eta helburu dugula. Bide horretan, eta Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren hastapenetan gertatu bezala, komunitatea, eskualdeko izaera eta lurraldetasuna dugu oinarrian. 

Abiapuntuak oso ezberdinak izanik ere, Goierrik eta Debagoienak antzeko erronkak dituztela esango nuke. Botere harremanak eta irabazi indibidualak nagusi diren garaiotan, izaera ezberdineko eragile eta erakundeak saretzea oinarrizkoa dugu bi eskualdeotan. Zertarako? Ez soilik bailara jasangarriago bat lortzeko, baizik eta norbanako eta kolektibo guztien ongizatea bilatzeko. Eta, bereziki, prekario eta zapalduak diren horiena. Bide horretan, Goierriko ESE sareak badu zerbait eredugarria: sindikatuen parte-hartzea. Izan ere, eraldaketari eta komunitateari buruz aritu nahi badugu, prekarioenak ordezkatzen dituzten eragileak ezinbesteko ditugu.

Ez gara utopiaz hitz egiten ari. Larrialdi sozialaren aurrean gaude, larrialdi sistemikoaren aurrean. Eta egungo egoerak behartzen gaitu mugak hautsi, eta saretze ahalik eta aberatsena lortzera. Eragile (eta norbanako) anitzak behar ditugu lankidetzan, eta lankidetza hori sendotuko duten egitura sendoak sortu behar ditugu, ezinbestean.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude