Maiatzeko aldizkaria ekainean iritsi zitzaidan, ohi bezala, astebete inguruko atzerapenarekin. Duela 20 urteko furgonetaren argazkia ezagutu nuen, baita ilusioz betetako kazetariena ere. GoiTB-ren urteurrenak, baina, Arrasate Telebistara eraman ninduen oharkabean. 30 urte bete ditu aurten. 30! Aitortuko dizuet itzelezko pena eman zidala gure ATB (eta Arrasate Press) galtzeak.
Gogoan dut, 7 urtetxorekin, aitaren telebista programa grabatzen zuten bitartean kristalaren beste aldean izan nintzela. Teknikari lanetan ez dakit zein zebilen, ezta elkarrizketatutakoa zein zen, baina ospitale zaharreko eskailerak baditut gogoan. “Erretratoa” izena omen zuen saioak, hala irakurri diot Joxe Aranzabali. Herriko jende esanguratsua elkarrizketatzen zuen aitak, ziur naiz goxo eta irribarrez, kamerak han zeudela ahaztera arte.
Ez nuen programa sekula ikusi, jakina. “Zaharren kontuak”. Adin hartan ezin ulertu elkarrizketa haiek zuten garrantzia; norbanakoei ahotsa ematea, Arrasateko historia kolektiboa jasotzea, eta guztia euskaraz. Herritik, herriarentzat.
Aitaren heriotzaren urteurrena ere bertan dugu. Joanes txikia jaio eta hilabete pasatxora hil zitzaigun. Eta esan nahi nioke gugan presente dagoela, gauero esaten diogula “ondoloin aittajauna”. Kooperatibagintzara itzuli naizela ere gustura kontatuko nioke.
Aitortuko dizuet urte honetan berarengandik ikasten segitu dudala, ezagutzen ez nituenakentzunez gozatuz. Jakin dut, adibidez, garai hartan bilera militanteetara umeekin joaten zela. Eta ez omen zen bakarra. Neuk ere hala egin nahi izan dut. Bizitza erdigunean nahi dugula aldarrikatzen baitugu, baina hautua egin behar izaten dugu normalean: familia edo militantzia. Eta ordua da herrigintza zaintzatik eraikitzen hasteko, militante eta zaintzaile rolak esklusiboak izan ez daitezen.