Kontsumoaren egituraketa

Aste batzuk daramat geopolitikaren zoramena orriotara ekartzea ekiditen. Baina nola aritu sozioekonomiaz, kapitalismoak eta botereak ezarritako araurik gabeko nazioarteko politika testuinguru gisa jarri gabe?

Zorionez, sare libreetan topatzen ditugu ezinegona bideratzen laguntzen diguten mezuak, baita zerbait egiteko beharrari erantzuna emango dioten tresnak ere. Esaterako, kontsumitzaile kontziente gisa AEBko produktuei boikota egiteko aplikazioak; Israelgo produktuekin deskubritu genuen “No Thanks” aplikazioaren gisara, AEBko produktuak identifikatzekoak ere zabaldu dira (“Non USA” eta “Made O’Meter”).

Halako tresnek laguntzen digute kontsumo kontziente bat egiten, muga etikoak markatuta. Dena den, egungo testuinguruan eta imajina ditzakegun eszenatokiekin, iruditzen zait kontsumo kontzienteaz haragoko jauzia egitea ezinbestekoa dela. Kontsumoa denez gero sistema eraldatzeko gakoetako bat, bihur gaitezen gu ere subjektu kontsumitzaile aktibo.

Zentzu honetan, kontsumo koopera integralak izan daitezke, beharbada, ekosistema eraldatzaileak saretzeko egitura interesgarrienetakoak. Izan ere, beren baitan batzen dituzte kontsumitzaile (edo erabiltzaile), langile edota proiektuari laguntzeko prest dauden erakundeak. Izan elikadura, energia, telekomunikazioa.. oinarrizko zerbitzu eta produktu ia guztiak irabazi asmorik gabeko erakunde eta sareen bidez eskuratzea posible da. Zerbitzu publikoekin bete nahi ez dituzten hutsuneak, autoeraketaren bidez estali ditzakegu, antolaketa eta ahalduntze kolektiboaren aldeko apustua eginez.

Hau guztia dakart, Goiener eta Izarkom irabazi asmorik gabeko kooperatibek Iruñean elkarrekin zabaldu duten bulegoko inaugurazioa ospatu berritan. Kontsumoa egituratzeko proiektu kooperatiboen sorrera bezain garrantzitsua delako hauen sareak sustatzea.

Artikulu hau Argia aldizkarirako idatzitako kolaborazioa da. Hemen dago irakurgai, cc-by-sa lizentziapean.