Komuneko paperari buruz idatzi behar nuen gaur ere, baina errebelatu zait A lankidea. Nahiago duela beste edozeri buruz irakurtzea. Eta halaxe utzi nau ba, blokeatu xamar, ideiak ere hoztuta.
Begiak itxi, eta amets pixka bat egiteko aprobetxatuko dut aukera. Apurtxo bat soilik, etorkizun hobe eta bizigarriagoak imajinatzeko beste. Egia esan, barrenak eskatzen dit urte berria esperantzarekin hastea, egin ditzakegunei buruz aritzea. Gure herrietako desorekei buruzko datu gordinak ekar nitzakeelako, hezkuntza mailako desoreketatik hasita, baina diagnostikoak elkarbanatu baino, nahiagoko nuke beste errealitate posibleak irudikatzen saiatzea.
Irudikatu nahi nuke ertzetakoak erdigunean dituen herria. Irudikatu nahi nuke aniztasuna euskaraz eta duintasunez kudeatzeko baliabideak dituen herria. Irudikatu nahi nuke herri mailako erronkei modu eraikitzailean eta ausartean aurre egiten dien komunitatea. Minei buruz hitz egiten duen herria, posizio pertsonal eta kolektiboek bestearengan duen eraginaz kontziente dena. Aitortzak egiteko gai dena; norberari, eta parekoari.
Akaso gehiegi amets egiten dudala pentsatuko duzue. Errealitatetik urrunegi bizi naizela. Zerrendatutako horiek guztiak ez direla posible. Bizi dugun gordintasunean, gerra eta gatazka garai hauetan, ezin dela halakorik pentsa. Baina zer ginateke utopiarik gabe? Zer, ametsik gabe? Posible dela badakit. Bereziki, beste erremediorik ez dugulako. Utopiak egoera gordinei erantzuteko behar ditugulako, eta utopiak elkarrekin eraikitzeko moduak behar ditugulako.
Baina aizue, urtea ez dugu soilik lanean pasako. Ezta pentsatu ere! Aniztasuna ospatzeko festak antolatuko ditugu: publikotasunaren alde, komunitatearen alde, inklusioaren alde, euskararen alde…
Zatoz zu ere negua (eta urtea) dantzan ospatzera! Denona, eta denontzat!