Adin-mugarik gabe, gure bideen jabe. Espazioak hartuz, gure aukerak sortuz, konplexurik gabe, gure lanabesen jabe. Halaxe ari gara kooperatibismoa eraikitzen. Aukerak sortzen, kolektiboan eta kolektibotasunerako.
Kooperatibismoaren oinarrian, baina, ikaskuntza dago, ikaskuntza indibiduala eta kolektiboa. Zertarako? Barrurantza hazita, kanpokoa eraldatzeko. Jon Sarasuak ederki laburbiltzen du: Tituluak birrindu, barrurantza hazi. Ikasteko sortu eta sortzeko ikasi.
Izan, egiteko izan. Egin, izateko egin. Aldarrikapenez harago, egiteak eraldatzen duelako errealitatea, eta egiten ikasten dugulako izaten.
Baina kooperatibak ez dira kooperatiba, herria eta herrigintza bere DNAn ez badute, eraldaketa soziala bere diskurtsoaren ardatza ez bada. Herria lantegi, lantegia herrigile eta lantegia herri. Sinesten dut, kontraesanekin eta izerdi patsetan bada ere, Goierrin horretan ari garela. Sinesten dut guztion artean Biziola lantegi herrigilea eraikiko dugula, bidean eragile publiko, komunitario eta sozialak saretuz.
Kooperatiben nazioarteko eguna pasa berritan eta bere heriotzaren urteurrena iristear, geure aitari esan nahi nioke beti izango dugula gogoan. Beste hainbat eta hainbat gizon-emakumerekin batera, gure txikigintzaren ameslariak direla, egile eskuzabalak, utopiaren errealistak. Bosgarren olatu kooperatibo honek zuek moduko haizemendiko zuhaitzak behar ditu, zalantzarik gabe.
Eta bagoaz. Bagoaz hanka bat lurrean, beste bat airean. Bagoaz aurrera, geure aurrekoengandik ikasitakoarekin eta egungo gizartearen beharrak oinarri hartuta. Bizitzaz arituko gara, oinarrizkoaz, elikaduraz, burujabetzaz. Eta kooperatibismoa eraikitze honetan, bizitza erdigunean behar dugula behin eta berriro gogoraraziko diogu geure buruari.
PD: Letra etzanez Mondragon Korporazioaren sinfoniako letra.