Bidea helburu

Aspaldi galdu nuen blogeko edukiaren zati bat berreskuratu dut lagun bati esker. Fagor Etxetresnak itxi zen urtekoak dira azken mezuak, 2013 amaierakoak. Hasi naiz begiratzen blogean zenbat kontu jartzen nituen… eta aizue, zelako emaria. Asteroko eduki finkoak, iritzi artikulu formal eta informalen bilduma, ikus-entzunezkoak… Sare sozialetako mezu motzetatik harago, hitz aspertuei eta hausnarketei tartea ematen nien seinale.

Eduki aldetik, Puntuako artikuluen ildo bertsuko mezuak dira ordukoak ere. Freskoagoak eta arinago idatziak, akaso. Baina egia da badaudela termino batzuk garai hartan presente ez nituenak: zaintza, esaterako. Ez dut uste hau soilik nire egungo egoera pertsonala ezberdina delako izango denik. Ausarta izango naiz, eta esango dut gizartean eta aldarrikapenetan presenteago dugula orain bizitza erreproduktiboaren inguruko diskurtsoa. Mugimendu feministaren garaipenaz gain, oinarrizkoetara itzultzeko beharra egon liteke atzean. Makinak gelditu eta nora goazen hitz egiteko beharra badugulako. Nora, eta nola. Nolak esaten digulako benetan zein den gure norabide eta noranzkoa, diskurtsotik harago zer ari garen eraikitzen.

Bizitza erdigunean aldarrikatzen dugu behin eta berriro. Erakunde eraldatzaileetan pertsona erdigunean egon behar duela, besterik ez dugu esaten. Baina… ai! Ze zaila den. Ze zaila den mundua konpontzen saiatzea, eta horretarako denbora eta patxadarik ez dugula sentitzea. Zorionez bilerak “zer moduz gaude” galdetzen hasten ditugu orain, baina egia da lan erritmoak ez direla larregi aldatu, makinek topera segitzen dutela. Kontziliazioa nahi bai, baina errealitatean… guztia egiten segi nahi dugula, erritmoak errespetatu gabe. Badugu honetan ere zer hausnartu, zer ikasi. OFF botoia bilatzen hasi beharko gara, makinak erre aurretik.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude