Goiberriko irakurle askok bezala, nik ere ikastolan ikasi nuen. Ama irakasle urte luzez, eta aita ere zuzendaritzan aritua. Gogoan dut bazela garai hartan klase elebidun bat, B ereduaren azken arrastoak. Esango nuke nahastu gintuzten arte ez genuela ezagutu zer zen “aniztasuna”. Hori bai, guztiok ginen zuriak eta euskal jatorrikoak.
Ordutik pasa dira urte dezente, eta egoera nabarmen aldatu da. Euskal Herriko bazterrak kolorez bete zaizkigu, baita ikasgelak ere. Egia esan, eskolara bidean doazen umeei inbidia sanoarekin begiratzen diet. Zenbat ikasiko duten beste kulturetatik, bizitzeko beste moduetatik!
Haurreskola penaz utziko dugun arren, etxeko txikia izen ezberdinez betetako gelan ikusteko gogoz gaude. Esku artean erronka potoloa dugula badakigu, Ordiziako eskola publikoan bereziki. Segregazio ikaragarria dugu eskuartean. Esaterako, jatorri atzerritarra duten familietako ikasle guztien artean, % 87a eskolaratzen da bertan. Haur Hezkuntzan desoreka hori are nabarmenagoa da: 3 urtekoen kasuan, euskal jatorria duten haurrek % 30a osatzen dute; ikastolan, berriz, % 90a.
Hala ere, azken urteotan nagusitu den diskurtsoa eskubide indibidualen defentsa sutsua izan da, eta ez herri bezala dugun erronka potoloa. Arazoaren muinari izkin egiten dion diskurtsoa, bide batez. Egia da administrazio publikoak duela azken hitza, egoera hau baimentzen dituen irizpideen menpe dagoela segregazioa. Baina gurasook ere badugu erantzukizuna, eta norbanakoon esku ere badago egoera iraultzea.
Uste dut Ordiziak (eta Euskal Herriak) banderizotako guduak baino, lanketa sakonak behar dituela. Geuk eskola publikotik egingo dugu lan arrakala murrizteko, baina ziur naiz ikastolatik ere hamaika guraso izango direla lanerako gogoz. Herri proiektu inklusiboa eraiki nahi badugu, guztion lana eta borondatea ezinbesteko dugulako.