Euskal ekonomiaren inguruan bi hitzaldi izan ditugu azken astean Arrasaten: Debagoienako Gure Esku Dago taldeek antolatutakoa lehena, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna lantzen ari den taldearena bigarrena. Luxuzko gonbidatuak izan ditugu bietan ere: Adrian Zelaia, Joseba Barandiaran eta Oskar Arantzabal batetik, eta Nekane Jurado bestetik.
Biak euskal ekonomiari buruzkoak izanda ere, oso sentsazio ezberdinarekin irten naiz bietatik. Lehenengo hitzaldian iruditzen zait muinera ez zirela joan. Esan nahi dut, krisiaren aurrean tresna propioak izateak nola lagunduko zuen aipatu zuten, baita ekonomia txikien gaitasuna ere, besteak beste. Ez zuten erantzun nahi izan, berriz, euskal ekonomiaren etorkizunari buruz. Zer nolako ekonomia nahi dugun, zeintzuk diren eredu ekonomikoaren akatsak, erroak eta alternatibak. Nekane Juradok, berriz, zezenari adarretatik heldu diola uste dut (barka espresioa ezegokia edo dena delakoa bada), gai hori zentrala ez zen arren. Egungo eredu ekonomikoaren analisia egin ondoren alternatibez hitz egin digu, deskribapen hutsetatik harago. Ekonomia intsumiso bati buruz hitz egin digu, alternatibak eraikitzen joateari buruz. Independentziaren zain ezin garela gelditu, eta “ekonomia paraleloa” eraikitzen joan behar dugula. Eredu ekonomiko zapaltzaile eta desorekatuari aurre egingo diona.
Bat egiten dut Nekanerekin. Uste dut ezin dela, lehenengo hitzaldian hala esan arren, independentzia lortu arte itxaron, eta gero joan erabakitzen zer nolako Euskal Herria nahi dugun. Irudikatzen eta lantzen joan behar dugu komunitarioa beharko lukeen eredu ekonomikoa, demokrazia ekonomikoan oinarritutakoa eta jendartearen ongizatea ziurtatuko duena. Bestela, Espainia-Frantziaren menpe egonda edo egon gabe, langileriaren eta gizartearen egoera tamalgarriarekin jarraituko dugu. BBVA edo Koop 57/Fiare, Iberdrola edo Goiener, eta beste hamaika hautu egiteko ordua da.