Kooperatiben webguneetara edo kooperatiben mugimenduarekin lotutako guneetara jo duzue azken aldian? Hona hemen beraien webguneen adibide batzuk: www.goiena.net, www.mondragon.edu, www.arizmendi.eu, www.forokoop.coop, www.mik.es, http://talaios.net/, www.fagorederlan.es eta www.fagor.com.
Domeinuetan fijatzen bazarete, gutxi dira .coop duten guneak. Badirudi domeinuaren kostua bereziki altua dela, Beñat lagunak aipatu bezala. Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (NKA edo ICA, International Cooperative Alliance) tarifen arabera, domeinuak urteko 120 dolarreko kostua luke. Interesgarria litzateke, horren harira, kooperatiben mugimenduak aintzat hartzea webguneek duten garrantzia eta beren izaera kooperatiboa azpimarratzea, eta dagokion erakundeari tarifen inguruan galdegitea. Izan ere, nazioartean eredu den euskal kooperatiben mugimenduak isla izan behar luke bai domeinuetan, baina baita kooperatibek erabiltzen duten izenetan ere. Egia esan, atzerritik Arrasatera etorritako batek baino gehiagok aipatu digu hemen “kooperatiba” hitza ez dela inon ikusten, kooperatibak nonahi egon arren. Lotsatzen al garen ere galdetu digute. Kuriosoa, ezta? Lortutakoaz (bere alde ilunekin) harro egonda ere, izandako arrakasta sozioekonomikoaren muina eredu kooperatiboa izan dela ez dugu erakusten ez kartel ezta domeinuetan ere.
Eta… domeinuen inguruko hausnarketa bultzatuko bagenu, izaera kooperatiboak duen garrantzia azpimarratuz? Apustu polita litzateke. Acicoop taldeak, adibidez, kooperatiba izateaz harro zaudela esateko eskaintza bat atera duela irakurri berri dut.