Kooperatibetako ordainsariei buruz: indizeak mantentzea justua al da?

Kooperatiben inguruko hainbat mezu eta ohar idatzi ditut hemen bloga sortu nuenetik. Mezu batzuk kooperatiben abantailak aztertzen, eta beste batzuk kritikak egiten. Hala ere, lagun eta lankideekin sarri mintzagai izan dudan gaiari heltzeko momentua heldu dela uste dut: ordainsariena. Gai konplikatua da, diru kontu denak diren bezala. Izan ere, ordainsariei emandako garrantzia eta esangura aldatzen baita norbanakoaren arabera. Era berean, bakoitzak berdintasunaren eta justiziaren inguruan ditugun pertzepzioak ere ezberdinak diren heinean, ezinezkoa ez baina zaila, benetan konplikatua, da ordainsari edo aurrerakinen auzia jorratzea.

Kooperatiben historian zein Arrasateko Kooperatiben Esperientzian (AKE) zehar, oker ez banaiz, ordainsari justuei buruzko eztabaida garrantzitsua izan da. Ordainsaria justua eta kooperatibaren ahalmenaren araberakoa izan behar dela dio, adibidez, AKEren 6. Oinarrizko Printzipioak. Justua izateak duen erlatibotasunarekin. Esate baterako, AKEren hastapenetan, kooperatibako bazkideen arteko ordainsariak 1/3 artekoak ziren. Kooperatibak handitzen eta indartzen joan ziren heinean, berriz, tarte hori motz gelditu zela esan liteke. Izan ere, zuzendaritzako postuetako langileek inguruko enpresetan izango luketen ordainsariarekin alderatuz oso baxua zen. Hori zela-eta, beren ordainsariak handitzeko aukera izateko, indizeen arteko tartea handitu zen. Eztabaidagarria izan liteke postu horretako kideei ordainsarien igoera planteatu behar izatea bera, eta luze jo lezake eztabaidak. Hala ere, oraingoan ez da nire asmoa aldaketa hori lantzea. Indizea mantentzea justua den ala ez landu nahi nuke. Alderdi polemiko zein delikatua.

Kooperatiben funtzionamendua ezagutzen ez duzuenontzako, kooperatibetako ordainsariak (edo aurrerakinak) indizeen arabera definitzen dira. Indizearengan lanpostuak berak eragiten du, lan-bazkideak dituen erantzukizunen araberakoa izanik. Bestalde, esperientziaren, antzinatasunaren eta beste faktore batzuek ere eragiten dute, kooperatiba bakoitzaren kasuan aldagaiak alda litezkeelarik. Oro har, eta salbuespenak salbuespen, indize horiek baldintzatuak egoten dira lan-bazkideek arestian izandako lanpostuen arabera. Hau da, denbora jakin bat (demagun 4 urte direla minimoa) zuzendaritza postu batean pasa badu lan-bazkideak, indize hori mantendu egiten zaio, oso-osorik edo zati bat behintzat. Esan bezala, salbuespenak salbuespen, eta kasuan kasuko portzentaje eta mugekin. Hala ere, esan liteke badagoela nolabaiteko kurba profesionalaren ukatze sistematiko bat, onarpen falta, berez naturala dena. Izan ere, “igotzen den guztia jausten da” (eta barka hitz tekniko egokienak ez erabiltzea). Horrela, 40 urterekin izandako indize bat handik 20 urtera berdin manten liteke, uneko lanpostuaren indizea baxuagoa izan arren.

Kontzeptu honek kooperatibako kideen artean ezinegona sortzen duela ezin da ukatu. Justizia hitza datorkit burura. Justua ote da lan berbera egiteagatik albokoak 3 aldiz gehiago jasotzea? Baietz argudia daiteke, urtetan egindako sakrifizioaren ordaina jasotzea zilegi dela. Azken finean, ardura hori hartu duenak beste zenbait erronka profesional alde batera utzi ditu (ikerketa proiektuak, lan teknikoaren garapena…). Egia esan, niri gogorra eta injustua iruditzen zait ordainsaria mantentzea, ezberdintasunak sortzen dituelako langileriaren artean.

Hala ere, uda honetan irakurtzen hasitako liburu batek zalantzak eragin dizkit. Bertan zioenez, norbanakoaren esperientzia profesionala eta espezializazioa baloratzetik, ezagutza berria lortzeko eta etengabeko ikasketarako ahalmena baloratzera pasa da merkatua. Lanpostu finko batetik (bizi osokoa izan liteke), etengabeko aldaketa bilatzen da, egokitzapena, lehengoa alde batera uztea. Dinamikotasunak alde positibo anitz izango ditu, baina leku batetik bestera joate horrek, norbanakoen erroak alde batera uztera, galtzera, bultzatu omen du. Eta, sustrai horiekin batera, komunitate kontzeptuaren galera ere etorri omen da. Hala ere, esango nuke ez dela hau kooperatiben kasua (ez guztiz behintzat), kapitalismoarena orokorrean baizik, kooperatibek eskaintzen duten oreka, ziurtasuna eta loturak komunitatearen garapenean laguntzen duelako, kolektibotasuna mantentzen lagunduz, lanean zein lanetik kanpo. Zentzu horretan, eta lortutako esperientzia pertsonal zein profesionala baloratu behar den heinean, argudia liteke ordainsarien sistema justuak kontuan izan behar lukeela “kooperatibari eskainitako urte horiek”. Eta ironia puntu batekin diot, uste dudalako kooperatibari eskainitako urteak ez direla lanpostuko arduren araberakoak, lan-bizitza osoari egiten baitie erreferentzia.

Beraz, eta gehiago ez nahasteko, zein da nire planteamendua? Iruditzen zait egun kooperatibetan (salbuespenak salbuespen) erabiltzen den ordainsari politika, indizea mantentzea (guztiz edo zati bat izanik ere), ez dela justua eta ez duela kohesioa bilatzen, hautsi baino. Horregatik, beste konpentsazio moduren bat topatuko nuke nik. Lagun batek dio hilabete batzuetako “eszedentzia” ematea litzatekeela bidea. Ideia ona litzateke. Baina ez, egungo sistema ez zait justua iruditzen, norbanakoaren esperientzia baloratu behar den arren. Beharbada ordua iritsi da ordainsari sistema justu, bidezko eta kooperatibismoaren oinarriarekin bat letorkeena diseinatzeko (eta ez “goi-postuetako” bazkideei begirakoa soilik). Baliteke horretarako ere une egokia izatea egungoa.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude