Kooperatibismoa sustatzen eta sarea josten

Maiatzaren 28an Demokrazia Ekonomiaren II. Topaketa ospatu zen, Arrasateko Kulturaten. Jardunaldi aberasgarri eta interesgarria izateaz gain, ekimen berezi baten hasierako puntua izan zen, bertan bildu ginenon arduretako batzuk bideratzeko tresna. Tresna interesgarri eta erabilgarria bihur daitekeena.

Azaleratutako ardurak bideratzeko honako helburuak aurrera eramatea interesgarria dela kontsideratu dugu, epe ertain eta luzera begira:

  • Kooperatibismoaren eta ekonomia sozialaren inguruan sortuta dauden elkarte eta ekimenen inguruko informazioa zabaldu, beraien arteko erlazioak sortuz edo estutuz.
  • Kooperatibismoaren inguruko ezagutza bultzatu, informazio iturriak bilduz eta elkarbanatuz.
  • Kooperatibismoaren ingurunean lanean ari diren pertsonak eta erakundeak zein bestelako eragileak bildu eta elkartu, lankidetza bultzatuz.
  • Egon litezkeen gabeziak detektatu eta gabezia horiek betetzera datozen proiektu/zerbitzuak sortu eta bultzatzeko ateak ireki.

Helburuok bete nahian, lehenik eta behin demokrazia ekonomikoarekin, kooperatibismoarekin etab. harremana izan ditzaketen proiektu, zerbitzu eta informazioak biltzea da gure asmoa.

Eta, horretarako, profil ezberdinetako lagunen kolaborazioa bultzatu nahi dugu, eta, pertsonalki, zuen ezagutzatik abiatuta kolaborazioa eskatu nahi dizuet. Izan ere, badakit zuek erakunde, ikerketak, ekimenak eta bestelako taldeak ezagutzen dituzuela (Forokoop, ALE, Mondragon Korporazioa, CIRIEC, CEPES, Elkar-Lan…), guztiak kooperatibismoaren eta ekonomia sozialaren inguruan dihardutenak.

Zein den zuei eskatzen dizuedan kolaborazioa? Ba ezagutzen dituzuen erakunde, talde, blog, ekimen, ikerketa, unibertsitate, federazio, elkarte, kooperatiba eta bestelako esperientzien erreferentziak bidaltzea edota blog honetan txertatzea.

Zer zehazki:

  • Webgunearen/blogaren izena
  • Helbidea
  • Lanerako esparrua edo helburuaren deskribapen laburra

Horrez gain, ekimen berri honen zabalkundean zuen laguntza ematea, interesa izan dezaketenei mezua hau helaraziz.

Jakin badakit lanpetuta zabiltzatela, baina epe luze-ertainera begira etekin nabarmenak aterako ditugu: kooperatibismoaren zabalkundean, ekonomia sozialaren sustapenean, informazio iturrien bateratzean eta erakunde/pertsonen arteko kolaborazioan. Egungo gizartean sareek ikaragarrizko garrantzia baitute.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude