Etiketaren artxiboa: korrika

21472, ni 21462 nintzen

Sailkapen ofizialaren arabera 21472 partehartzailek bukatu zuten igande
honetako Behobia-Donostia lasterketa arrakastatsua. Nik ere egin nuen,
21462 dortsal zenbakiarekin, baina ez nauzue sailkapen ofizialeko
zerrendetan aurkituko, txipa etxean ahaztuta joan bainintzen Behobiako
irteerara. Beraz 21473 partehartzailek behintzat bukatu genuen
lasterketa.

Euria goitik behera Behobiako irteeran, aterpetxo guztiak
leporaino beteta, luzaketak, beroketak, nerbioak, hidratazioa (edaten
genuena eta goitik jasotzen genuena),…
Festa
bat iruditu zitzaidan bertan bizitakoa, niretzako 2. aldia izan da
lasterketa honetan, lehenengoa duela 5 urte izan zen, apustu bat
tarteko, eta aurtengo bukatzean hurrengorako motibazioarekin geratu
naiz.
10:30ak aurretik irten zuten patinatzaile eta
ezinduek, 10:30etan berriz irabazteko hautagaiak, eta poliki-poliki
gainontzeko guztiok. Bitartean, busti, beroketak egin, aterpea bilatu,
eta zerura begira, atertuko zuen esperantzarekin.
Iritsi zitzaigun irtetzeko ordua, gure irteera
taldera bildu, eta pankartapean irteera puntura gerturatzen joan ginen,
gainean jantzitako pontxoa kendu, zerura begiratu berriz, tregua apurtxo
bat daukagula ematen du, 10, 9, 8,… 2, 1, 0! Denok aurrera egiteko
gogotsu!
Irun zeharkatu arte jende artean pilatuta, ikusleak
ere ugari, gero lasaiago, Gaintzurizketako maldetan patxadaz, euria
goitik behera, eta ikusleak aterkipean, tartean ezagun batzuk, Lezora
bidean eguzkia ere ikusi genuen, eskertu ere bai, Pasaiako portua,
zelako luzea, Mirakruz gaina, hau ere patxadaz, eta behera, ezagunak
publiko artean, familia tartekoak ere bai, animo guztien indarrak batu,
eta Kursaaletik, azkenengo zuzengunea, helmuga ikusten, eta iristea
nahi, zirraragarria benetan, azkenean helmugara iritsi, kronometroa
gelditu, eta zelako poza, duela 5 urte baino 5 minutu gutxiago, adinaren
arabera hobetzen?
Egiten zuen eguraldiarekin, behintzat korrika
egiteko hotzik ez zen, izugarrizko jendetza pilatu zen ibilbideak dituen
ia 20 kilometroetan, ura eskaintzen ere fin jende pila, horretarako
gertatutako postuetan, musika ere ez zen falta, hasieran, tartean,
amaieran, eta 21473 pertsona (behintzat) korrika. Guztioi eskerrak eta
zorionak noski!!
Hurrengo urtean ea denbora ofiziala egiten dudan…

Plaentxi-Bergara Atxintxika krossa

Atzo Atxintxika taldiak antolatuta, Plaentxi-Bergara krossaren
hirugarren ekitaldixa izan zan, neretzako lehenengo aldixa lasterketa
honta parte hartzen nebena. Erreka ondoko industrialdian hasi zan,
batek komentau noztan moduan, hiru aldittan leku desberdinetatik urten
dau lasterketa honek.

Hasieratik
aldatz bat igo bihar zan, neretzako ta pentsaitten dot beste
askontzako, txarra izan zala hori, ez bainau ohittuta aldatz goran
hasten, apur bat berotutakuan igoten dittut aldatzak hobeto.

Ibilbidia
oso politta zan bestela, errepidera urten barik Bergararaino, ta han be
kaletik zan, bestela dana trenbide zaharretik, ixa dana zoru onakin
dauena, zatitxo bat kenduta. Pasio lekua izanda, ikusle gehixenak
pasiuan ebitzenak zian, nahiz ta ba eutzen bestela lasterketia ikustera
joandakuak be.

Lasterketa herrikoia izan arren, jentia gero ta
hobeto gertatuta joaten da, 10 kilometroko lasterketan, azkenengo sartu
zanak ordutik behera, edo bestela ordu ta gutxi eiñ eben, azkenengo
hori ez nintzan neu izan, baina gutxiatik, nik 55 minutu bihar izan
neben, lehenenguak baino 22 minutu gehixago, baina horrein erritmuak ez
dako neriakin zerikusirik.

Partehartzailiak be dexente, 250etik
gora, ta akaberan lehenenguairi sarixak emuteaz aparte, beste sari
batzuk zozketatu ebeiñ, ni betiko antzea esku hutsik! Besten baten
igual zeoze jausiko da!

Datorren domekan beste lasterketa baten
estrenauko naiz, Behobia-Donostia klasikuan. Urte bat doiat gertaketan
hortarako, bazkari baten egindako apustu bat tarteko. Urtian zihar
korrika eitteko motibaziñua be emun dozt horrek, ta egixa esan badakot
gogua domekia allaiteko, jente danak esan dozt oso politta dala ta
lasterketia. Boulevardeko helmugara ondo heltziakin konfomatzen naiz,
denboria gutxienekua da, baina buruari bi orduko mugia jarri xat, baina
ezin bada ez da ezer gertatuko.