Etiketaren artxiboa: iturriaga

Errege bezperako bertso saioa

Aspaldian ezer idatzi gabe nengoen hemendik, eta ea bizi apur bat ematen diodan blogari gaurtik aurrera, egunero zerbait idaztea zaila izango den arren.

Atzo Oñatin urteroko bertso saioa eduki genuen, errege bezperako oparia izaten dena. Tablatu gainean Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Julio Soto eta Amets Arzallus, hauei gaiak jartzen Egoitz Aizpuru, herriko bertso eskolaren izenean. Harmailetan berriz jendea lepo, Egoitzek bota zuen bezala neurrira eginda zegoela zirudien.

Bertso onak entzun genituen, barre egitekoak, apur bat serioagoak, … eta ezin aipatu gabe utzi Julioren ahotik jaso genuen historiako ikasgaia, Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren harira, bertso bikainak iruditu zitzaizkidan.

Oñatiko bertso eskolako kideek Oñatiko udalaren laguntzaz urtero antolatzen duten jaialdi honek, izan dezala jarraipena, eta Egoitzek esan zuen bezela, urtean zehar bertso gehiago entzuteko aukera izango dugu.

Euzkitzek esaten duen moduan, “bejondeizuela!”.