Itsasondoko mediku etxean Koro sendagilea eta Arantxa erizaina soilik egoten dira, inguruko herri txikietakoei arreta paregabea ematen. Egun batzuz, baina, Iratik egin du bertan lan. 11 urte darama Osakidetzan, nondik deituko dioten zain, inongo egonkortasunik gabe. Administrazio publikoko beste milaka langilek bezala.
Hala ere, gaur egun inork gutxik hitz egiten du behin-behinekotasunaz, administrazio publikoa ABLE (ETT) garrantzitsuena bihurtu izanaz. Ezta hauteskunde garaian ere.
Izan ere, agenda sozial eta ekonomikoa eskuin erradikalak ezarri digu. Eta gobernuek eskuineko politika erradikalak aplikatzen dituzten bitartean, ez da hiltzen gaituen kapitalismoaren aurrean behar ditugun alternatibei buruz hitz egiten. Ez dira ezberdintasun sozialak murrizteko benetako politikak planteatzen. %99ak behar dituen politika erradikalak.
Ozen entzuten dira, baina, antolatuak eta borrokalariak kriminalizatzen dituzten ahotsak, Gipuzkoan Markel Olanok Tabakalerako grebalariei buruz esandakoa adibide. Eta eraso horien aurrean, ezkerra ezkerrean behar dugu.
Arrazakeria eta xenofobia ardatz duten diskurtsoen aurrean gehiengoaren interesak defendatuko dituen ezkerra behar dugu.
EAJri esker Madrilen onartu zen eta ezberdintasun sozialak biderkatzen dituen gastu arauari buruz hitz egingo digun ezkerra. Martxoaren 8an kontrakoa aldarrikatu arren, egunero emakumeenganako diskriminazioa eta arrakala handitzen dituen gobernuak salatuko dituena. Erresidentzietako emakumeentzako eta komisaldegi eta epaitegietako garbitzaile grebalarientzako benetako soluzioak eskainiko dizkion ezkerra. Eta, nola ez, eragile sozialen kritikak modu eraikitzailean hartuko dituena.
Beldurrez baino, bozkatzera ilusioz joatera bultzatuko gaituen argumentu eta proiektu sakonak behar ditugu, eslogan hutsetatik harago.