Bizitza erdigunean jartzeko lan-politikak gero eta presenteago ditugu, zorionez, lan munduan. Eta, beraiekin, bizitza erreproduktibo eta produktiboaren oreka zailean lagunduko diguten erreferentziak. Tartean, REAS Euskadi-ren webgunean duzuen “Denera iritsi ezinaren aurrean, lan-politika feminista” argitalpena.
Dena den, eraldaketa orok egitura eskatzen du, gobernantza eta antolaketa eredu esplizitu eta argia. Erakundeko rolak, boterea, erantzukizun eta arduren definizio argia, gardentasuna… kontuan izan beharreko hamaika alderdi. Horietako bat, komunikazioarena. Ez galdu Txatxilipurdi elkarteak euskaratutako Marshall B. Rosenberg-en “Komunikazio ez bortitza” liburua. Lanerako soilik ez, elkar ulertzeko eta elkarbizitzarako tresna indartsua.
Bizigarritasuna bilatzetik urrun, N-1 errepide alboko garraio enpresa baten bestelakoa da egoera. Zurrumurrua zabaldu da biltegiko langileen artean: giza baliabideetako arduradunak bideo kamera integratuta duten betaurrekoak jantzi ditu biltegira etortzeko. Dirudienez, bere bulegora norbait sartzera doanean ere janzten ditu betaurrekoak. Ordezkari sindikalak mehatxatu eta laneko istripuak estaltzen dituzten enpresa izanda, ez gaitu gehiegi harritu. Langileen antolakuntza, ahalduntzea eta erresistentzia dira bertan duintasunaren berme bakarra. Edo hori, edo lankideak zapaltzen kolaboratzea. Zaurgarriagoak zaurgarriagotzea.
“Giza baliabideak” kontzeptua “pertsonen kudeaketa”-gatik ordezka genezake, coach-ak kontratatu, parte hartzeko espazioak probokatu… baina oinarria eraldatzen ez dugun bitartean, jai dugu. Eta hori ez dugu lortuko gure irlei soilik erreparatuz. Ezinbestean, elkarlanerako sareak sendotu behar ditugu. Ekonomia sozialaren eta sindikalgintzaren arteko elkarlanak sortuko ditu baldintzak sistema bera eraldatzeko.
Artikulu hau Argia aldizkarirako kolaborazioa da. Jatorrizkoa hemen dago irakurgai, cc-by-sa lizentziapean.

