Gatazkaren beharraz

ULARCOko Zerbitzu Zentralek argitaratutako liburuxka dut eskutan: “Arrasateko esperientzia, prozesu gisa” (Arrasate, 1985). Bertan, ULGOR kooperatibaren prozesu organiko, kolektibo eta gatazkatsuak jasotzen dira. Besteak beste, 1974an ordainsarien sistema aldatzeagatik kooperatibaren baitan izandako gatazka kontatzen du; greba, kaleratzeak, isunak, batzarrak, organoen arteko eztabaidak… Esperientzia, subjektu eta komunitate kooperatiboen inguruko harra duzuenontzako, harribitxia.

Arrasateko Kooperatiben Esperientzia imitatzeko mezutik urrun, kooperatiben bideragarritasun sozialerako zenbait gako eskaintzen ditu ikerketa lanak. Beti ere, kooperatibak prozesu dinamiko gisa ulertuz, errealitate sozioekonomikoei eta bizitzaren eta komunitatearen beharrei erantzuteko egokitzen joan behar duen erakunde gisa.

Gatazka eta borroka gaizki ikusita eta deseroso diren garaiotan, bereziki komunitatea eta gatazka lotzen dituen pasartea ekarri nahi nuke hona, bere horretan: “Kooperatibak ez dira aurretik zegoen komunitate baten emaitza, baizik eta orain dagoen “komunitate” maila, berez, kooperatiben beraien jarduteko moduaren emaitza da. Komunitatea osotasunean hartzea eskatzen duen prozesu sozial baten barruan eratzen da komunitatea. Gainera, komunitatea izateak ez du inoiz esan nahi izan gatazkak desagerraraztea. Aitzitik, komunitatea izateak esan nahi du azpian dauden gatazkak agerian uztea eta horiei modu kolektiboan aurre egitea. Zentzu horretan, komunitatea eta gatazka sinonimoak dira.”

Eta gu, elkarbizitzaren izenean, gatazkak ekiditen; kooperatibetan eta kooperatibetatik kanpo. Bada garaia gatazkari bere lekua aitortu, bake sozialaren gezurra desmuntatu eta gizarte mailan ditugun larrialdiei modu kolektiboan erantzuteko. Baditugu tresnak, txinparta besterik ez dugu behar.

Artikulu hau Argia aldizkarirako idatzitako kolaborazioa da. Hemen dago irakurgai, cc-by-sa lizentziapean.