2025 efektua

Barrenak lasaitzeko beharretik hasi nintzen artikulu hau idazten, oreka bila. Izan ere, inguruan aldaketa handiak ikusten ari naiz azken aldian, mugimendu bitxiak, inflexio puntuak. Lagun batek esan zidan astrologiako ez dakit ze fasetan sartu garela, eta aldaketa bizien garaia iritsi dela. Jakin beharko dugula egokitzen, geure burua aldaketa eta desoreken aurrean erresiliente bihurtzen.

Astrologiaren teorian oinarritu baino, nahiago izan dut 2000 efektua nigan eta inguruan 25 urteko atzerapenez iritsi dela pentsatzea, erosoago sentitzearren-edo. Puntua-ko irakurle gehienek oroituko duzue 2000 efektua, eta urte amaiera hartan eman ziguten txapa galanta. Shockaren doktrinarekin parekatzeko beste ez, Naomi Klein bakean utziko dugu oraingoan, baina komunikabideek etengabe azpimarratu ziguten ordenagailuak kolapsatzeko arrisku bizia zegoela, (19)99-tik (20)00-rako trantsizioan sistema kolapsatzera irits zitekeela. Matrix pelikula estreinatu berri zegoelako akaso, baina sistema informatikoek gehiengoaren egunerokotasunean halako eragina ez zuen garaian, bi zenbakik guztia baldintza zezakeela sinetsi genuen.

Egun batzuk pasa dira artikulua idazten hasi nintzenetik. Eta berregin dut, aldaketek nigan sortutako desoreka erabat ezkutatzera iritsi gabe. Txetx Etxeberriri Euskadi Irratian egindako elkarrizketa entzunda natorkizue, Karmele Jaiori esker literaturarekin adiskidetuta eta Ordiziara iritsi berri den Abdul agurtu berritan. Militantziak, fikzioak eta subjektu komunitarioak baretu dit loa. Lortuko bagenu norbanakoengan sortzen ari diren energiak bideratzea, subjektugintza indartzea, zuritasunaren pribilegioetatik mugitzeko gai izatea… akaso 2025 efektua sor genezake, eta urte hau zaintzaren, komunitatearen eta elkartasunaren bidean jarri. Txikigintzatik, erronka handiei helduz.

Honako artikulua Puntua aldizkarirako egindako kolaborazioa da, cc-by-sa lizentziarekin argitaratua. Jatorrizko esteka: https://goiena.eus/komunitatea/naroaelortzagorrotxategi/1736931934508-2025-efektua

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude