Hezkuntza sailari

Greba ataritan jaso nuen zuen e-maila, posta pertsonalean. Hasieran, beste askok bezala, grebaren aurrean ze aukera ditugun jakinarazteko zela pentsatu nuen. Baina ez, grebaren aurkako mugimendu politiko eta komunikatiboa zen jasotako e-maila.

Aitortuko dizuet ahozabalik utzi ninduela, ikusten nuena ezin sinetsi. Komunikabideak erabiltzearekin nahikoa ez, esparru pertsonala erabili duzue langile mugimenduaren aurka. Zuek, zerbitzu publikoak bermatu, indartu eta hobetzeko konpromisoa izan beharko zenuketenok. Zuek, gure txikien etorkizunarekin konprometituta egon beharko zenuketenok.   

Hezkuntzako langileen greba eta mobilizazioa kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko borroka da. Langileen lan-baldintza hobeek gure txikien kalitatezko hezkuntza bermatzeko baldintzak sortzen dituzte. Ratio baxuak ezinbestekoak dira aniztasunaren kudeaketa egoki baterako. Irakasleen egonkortze prozesuek hezkuntza proiektuak indartzeko aukera ematen dute. Eta aldarrikapen guztiok lortzeko, borroka eta mobilizazioa ezinbestekoa da.

Horregatik, serioski diotsuet ez dudala ulertzen. Ez dut ulertzen nola egin dezakezuen halako joko zikina funtzio publikoko langileen aurka. Gure zerbitzu publikoen aurka. Akaso, pribatizazioa eta prekarizazioa bultzatu nahi duzuelako, gutxi batzuk aberastearen truke. Edota arrakala eta desoreka sozioekonomikoak are handiagoak izatea interesatzen zaizuelako, auskalo ze helburu makabrorekin.


Honakoa Argia aldizkarirako egindako kolaborazioa da. Originala webgunean topatu dezakezue.

Lehenengo greba egunak pasata idazten dizuet gutun hau, pozik, txoratzen, arrakasta itzela izan duelako greba deialdiak, %75ekoa sindikatuen esanetan. Langile publikoek erakutsi dutelako beraien konpromiso garbia kalitatezko zerbitzuen alde, hezkuntzaren alde, elkarbizitzaren alde, gizarte justuago baten alde. Zorionak eta eskerrik asko grebalariei. Alboan izango gaituzue.