“Munduketariak”

Patxi Zubizarretari esker termino berri bat dugu gure hiztegietan: munduketaria. Munduketaria izatea da mundukeriei ezetz esatea, baietz esanda. Mundua konpontzea, eraikitzetik. Euskararen alde egitea, Babelgo dorrearen aniztasunetik. Arrakalei aurre egitea, komunitatea ahaldunduz.

Aitortuko dizuet Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren testuinguruan sortu digun kontzeptu honek maiteminduta naukala. Urte luzez eraldaketari buruz hitz egiten, justizia sozialari buruz, eredu sozioekonomikoa aldatzeari buruz… Funtsean, munduketariak garela esateko.

Gure txikia eskolara daramagunean, munduketari txikiak sortzen ari garenaren ilusioz egiten dugu. Guraso elkartean amesten dugu gure txikiekin batera mundukeriak alde batera uztea lortuko dugula. Hezkuntza komunitatean sinesten dugu desorekez betetako herri eta gizartea iraultzea posible dugula. Eta hori sinetsita, ospakizunetan murgilduta gaude Ordizian. Maiatzaren lauan, adibidez, 1.000 lagun bildu ginen frontoian, paella bikaina mahaian eta irribarre ikaragarria ahoan genuela.

Baina aitortuko dizuet dena ez dela erraza, borroka kolektiboak une gaziak, gozoak eta garratzak izaten dituela. Gaur ospakizunaren aparretan hegaz egiten ari garen moduan, orain dela aste batzuk eskolako eraikin zaharkituari buruz ari ginen, ezin ulertu nola egon daitekeen eraikin publiko bat duela 50 urteko baldintza berberetan, duintasunetik hain urrun.

Segituko dugu lanean, segituko dugu hezkuntza komunitatea indartu eta ahalduntzen, sinetsita publikotik, euskaratik eta aniztasunetik ikaragarrizko lana egin dezakegula herriko kohesioaren alde. Baina, paraleloan, konpromisoak ere eskatu behar dizkiogu administrazio publikoari. Ezer ez egitea, egoera okertzearen alde egitea delako. Desoreken auzitik hasita, eraikinen egoera tamalgarrira.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude