Aste honetan izan dugu FOROKOOPen VI. Biltzarra. Aurtengoan, kooperatibak krisiaren aurrean gaia landu da, hizlari eta eztabaida interesgarriekin.
Desadostasunen bat izan genuen geure artean, krisi garaian kooperatibetako demokraziaren baliagarritasunari buruz hizlari batek esandakoarekin. Parte-hartzea oztopo gisa ikusten zuen hizlariak, eta zorionez, badirudi bertan geunden gehienok ez geniola arrazoirik eman. Demokrazia da kooperatiben DNA, eredu sozioekonomiko alternatiborako oinarria den demokrazia. Erabaki guztiak ez ditu bazkideen kolektiboak hartzen, bakoitzak bere erabakitze esparruak ditu. Hala ere, neurri jakinak hartzerako orduan kolektiboarekin kontatzea gomendagarria da. Gomendagarria diot, ezinbestekoa ez esatearren. Zergatik den garrantzitsua? Kooperatibako kide guztien elkartasuna eta konpromisoa bilatzen bada, ezinbestekoa krisi eta zailtasun egoerei aurre egiteko, ezinbestekoa delako beraien iritzi eta hitzak kontuan hartzea.
Eta zergatik ez den zuzena esatea demokrazia eraginkortasunean oztopo dela? Egia izango da eztabaidek erabakiak hartzea moteltzen dutela, ez badugu kontuan hartzen 1) hilero-hilero kooperatibako kideei informazioa ematen zaiela (gardentasunez, teorian) eta 2) ezberdintasunak ezberdintasun, kooperatibako kideek interes orokorren gainetik interes kolektiboak dituztelako lehentasun (salbuespenak salbuespen, jakina). Horrez gain, erabakiak hartzea motelago izan arren, behin erabakia hartuta aplikazioa berehalakoa da. Oro har, beste izaera juridikoa duten erakundeetan erabakiak hartu ondoren, sindikatu eta langileekin negoziazioak datoz, istiluak, gatazkakā¦ (hor ere salbuespenak salbuespen)
Ahaztu gabe, zer gehiago eskaintzen duen demokraziak eta parte-hartzeak? Konpromisoa, motibazioa eta eraginkortasuna, hainbat ikerketa lanek frogatutakoaren arabera.
Berazā¦ zergatik ez dugu parte-hartzea bultzatuko ba?