Hamaika arrazoi izan ditut, izan ditugu, greba egiteko. Eta beharbada, gaurkoan #m29greba traolarekin sare sozialetan irakurritako hau izan da esanguratsuena: greba ez da aukera pertsonal bat, aukera eta betebehar sozial bat da. Konpromisoa oinarri duen hautu soziala.
Eta zergatik egin dudan greba? Besteak beste, eta egun luze honen ondoren labur-labur adierazteko:
- Lan erreforma hau langileriaren aurkako eraso garbi eta bortitza delako. Gure aurkakoa, langileon aurkakoa, guztion aurkakoa.
- Bankuek, hau da, pertsona jakin batzuek, sortutako krisia jendartea ordaintzen ari delako, aberatsa aberatsago eginez eta errudunak heroi bilakatuz.
- Greba artefaktu soziala delako, langile kolektiboak protestarako duen tresna indartsuenetako bat.
- Ordua delako jendarteak botereari aurre egiteko, ados ez gaudela esateko.
- Erreforma hau azken urteotan gure eskubideek izandako murriztapenetan beste pausu bat delako; ez da lehena, eta zoritxarrez ez da azkena izango ere.
- Alternatibak posible direlako, eta alternatiba horiek lantzeko langileok kalean ere erakutsi behar dugulako gure indarra.
- Ezinbestekoa delako botere ekonomiko, sozial eta politikoei hemen gaudela esatea. Benetako botere soziala guk dugula erakusteko.
Sarri esaten da, nik ere hala uste izan dut une batzuetan, grebak ez duela ezertarako ere balio. Egun bakarreko ekintza gisa planteatzen bada behintzat. Baina kuriosoa da, ezertarako balio ez badu, zergatik jartzen dituzten halako oztopoak zenbait enpresarik langileek greba egin dezaten (Carrefour, Decathlon…)?
Itzela izan da gaurkoa. Kaleak gorritzen ikusi ditugu. Hau da bidea, lagunok, kolektibotasuna eta elkartasuna kalera ateratzea da bidea. Eraldaketarako lana, baina, egunez egun egin behar da.
Betebehar sozial eta pertsonaletik abiatuta, aurrera lagunok!
Besarkada indartsu bat, egun gogor baina eder honetan! Eta, ahaztu gabe, #animoXuban. Eta agur bat greba egin ahal izan ez duzuenoi, eta langabetuei, eta lan baldintza duinak ez dituzuen guztioi.