Antzokiko ateak zabaldu, publikoa sartzen hasi eta teloia igo aurreko minutu luze horiek. “Aiaiai, badatorrela, hastera doala”. Halaxe imajinatzen ditut GiTBko kideak, webgune berria estreinatu bezperetan. “Ea ze artikulu dauzkagun weberako…” Eta hortxe, tartean, neurea. Lehen aldiaren urduritasunez idatzitako hitz zaparrada bat. Horixe besterik ez. Ondo dakigun moduan, lehen aldiak ez direlako sekula onak izaten, ez behintzat onenak. Estreinaldi guztiek dute ondoren ontze-garaia… Hala pentsatzea, onena.
Garai mugituetan bizi gara, aldaketa, haustura eta mugimenduz betetakoak. Pandemiaren ondorengoak, akaso. Baina bai, sentitzen dut inguruan hainbat inflexio puntu loratzen ari direla. Koordinatuta ala ez, gertatzen ari dira. Perfektuak nahi genituen harremanen lurreratzeak. Nahiak baina ezinak. Paradigma aldaketak. Pertsonen eraldaketak; eta, horrekin batera, kolektibo eta erakundeenak.
Ez gara linealak. Gorabeherak ditugu. Batzuetan ausardiatik jokatzen dugu, kausa defendatzeko edozertarako prest gaudela sentitzen dugu. Baina, beste batzuetan… “gehiago ezin dut” batek baldintzatzen du gure jarduna. Biziraute hutsak, finean. Ez ote gauden biziraute fasean murgilduta 2020tik, hori galdetzen diot tarteka neure buruari.
Dena den, uste dut badagoela hemen ere muga bat. Geure lanpostu, postu edota konpromisotatik ihes egitea ezin da aukera bat izan, ordezkatzen dugunarekiko ardura jakin bat dugulako. Geure minek eta beldurrek eragina dute gure erabakietan, eta sarri sufrimendu handia dakarte. Horregatik, ezinbestekoa dugu ariketa kontzientea egitea, ardura postuetan oinarrizkoa dena. Lanean, bereziki, rol joko bateko pieza gara, unean uneko txapela jarri behar duguna. Eta, ariketa horretan, zentzuarekin eta ausart jokatzea, hori dagokigu; bai artikuluak publikatzean, bai lidergo ausartak hartzerakoan, baita erabaki gordinak hartzean ere. Gure buruak jomugan jarri arren. Osasun eta on kolektiboa bilatu, batzuetan estuegi sentitzen dugun txapela jarriz.
Goierriko beste plaza honetara txapelik gabe natorkizue, horrek dakarren beldur, ausardia eta zaurgarritasunaz. Zorionez, webguneek badute paperak ez duen askatasun puntu hori. Artikulua sare infinituan galduta geldituko den esperantza faltsu hori. Badaezpada, GiTBko lagunei mezua editatzeko pasahitza eskatuko diet. Edo txapel birtual bat, sikiera.