“Krisi egoeretan shocketik salbu mantentzen gaituena gure errelatoa da: nor garen, gure erroak, gure ibilbidea, gure historia.” Halaxe dio Naomi Kleinek “Shockaren doktrina” (2009) dokumentalaren hasieran, 2008an lehertutako krisiaren testuinguruan.
Orduan ere krisi sistemikoaren ideiarekin luze aritu ginen: sistemaren kaosa, krisi ekonomikoa, ekologikoa, demografikoa, kulturala… Eta egungoa ere ez da oso ezberdina. Osasun larrialditik irten gabe, larrialdi ekologikoari buruz aritu zaizkigu, krisi energetikoaz… eta, azkena, gerra.
Krisi sistemikoaren eta kolapsoaren ideiak berriz ere protagonismoa hartzen du, bakean uzten ez gaituen euli gisa. Etorriko den kolapsoaren aurrean, lehengaien gaineko espekulazio saio berri bat da gaur egungoa. Baina ez, kontsumo maila hau ez da bideragarria.
Eta egoera honen aurrean, zer? Kleinen hitzek heldulekua eskaintzen digute. Geure errelatoari begiratzen badiogu, geure bideari, irteteko modu bat badaukagula ikus dezakegu. Une zailenetan ere, erresilientzia gaitasuna erakutsi dugulako; inteligentzia kolektiboak aurrera egiteko tresnak eman dizkigu.
Kleinen heldulekuak, baina, norabidea behar du nora begiratu jakiteko. Zein den geurea? Goierri bizigarria lortzea, bizitzako beharrei erantzungo dien ekonomia eraikitzea. Krisiei eta mugei ezikusi egingo ez dien ekonomia, lekukotik lekukoarentzat eraikiko duena.
Biziola Fabrikaren aurkezpen egunean iluntasunean azaldu den argi izpiari buruz hitz egin genuen, baina poesiaz harago joan behar dugu. Erronka handia da, eta ezinbestekoa dugu alternatibak osatzeko egiturak lehenbailehen sortu eta martxan jartzea. Fabrikak aukera eskaintzen digu, proiektu komun eta kolektiboa eraikitzeko aukera. Ezberdinen arteko aliantzak jostekoa, muturretatik baino, elkargunetatik eraikiz.