2011n egin genuen lehen tobera Debagoienean: herri antzerki satirikoan Bergarak Arrasate epaitu zuen. Salaketa gordinak izan ziren, eta akusatuaren aulkian, hozkailu eta garbigailu bat, Arrasateren ikur. Bertan irten ziren ordura arte ahapeka esaten genituenak: kooperatibek garapen ekonomikoa lehenetsi dutela ongizate sozialaren aurrean, “punky de postal” garela, furgoneta/autokarabanadun iraultzaileak… Barre algara artean amaitu zen epaiketa hura, baina antzerki obra baino askoz gehiago suposatu zuen: saneamendu kolektiboa izan zen.
Bergarak ere jaso zuen bere kritika, hain ohikoak diren banderizo kontuekin. Esaterako, zabor poltsen espektakuluarekin (funtsean, eskubide indibidualak ongizate kolektiboaren gainean aldarrikatzen zituena).
Honetan ere, Goierrik badu Debagoienaren antza. Hemen ere “nire alde edo nire kontra” nagusitzen da; zaborragatik ez denean, ikastetxeetako matrikulengatik. Hala, norberaren egia defendatuz, herri proiektuari buruz hitz egitea ekiditen dugu. Eta garaia da segregazioari buruz hitz egiteko. Ezberdintasun sozioekonomikoei buruz. Bazterketa eta arrazakeriari buruz.
Pandemia garai gogor hauetan argi ikusi dugu zerbitzu publikoen duintasuna ezinbesteko dugula, horrek bermatzen duela gizartearen kohesio eta ongizatea. Publikotasunaren defentsa medikuntzatik hezkuntzara ekarri behar dugu. Matrikulazioaren lehiaren gainetik komunitatea dagoelako. Are gehiago, proiektu kooperatiboen eta kooperatibiston lehentasuna eraldaketa soziala izan beharko litzatekeelako. Eta ez eskubide indibidualen defentsa hutsa.
Akaso tobera bat beharko dugu gatazka bideratu eta lankidetzan aritzeko. Baina ordua da begiak ireki eta jokoan dagoenari buruz argi hitz egiteko.