Badira urte pare bat Forokoopek urtero antolatzen dituen topaketetan Utopiari egin ziola leku. Besteak beste, Jose Mari LarraƱaga izan genuen bertan, hizlari. Eta utopiaren beharrari buruz hitz egin zigun. Nola beharrezkoa zen aurrera egiteko eta lanean jarraitzeko utopia bat, amets bat, eraldaketa posible egiteko tresnak emango zizkiguna. Arrasateko Kooperatiben Esperientzia (AKE) utopia horren bilatze prozesu bat da, azken finean. Gu bezalako ameslariek, utopia buruan izanda, eraldaketa helburu zuen prozesua abiatu zuten garai hartan. Komunitate konprometituak, berriz, Arizmendiarretaren eta bere ikasleen proiektuari jarraipena eman zion geroago. Utopia kolektibo bat bazegoen garai hartan, hein batean zapaldutako eta porrot egindako jendartearen biziraupena bermatzea asmo zuena. Desio pertsonalak alde batera utzi gabe, helburu komunak bilatzen zituen komunitatea (kooperatiben definiziotako bat, alegia).
Gaurkoan, tesi-igande euritsu honetan, utopia kolektiboa aipatzen zuen artikulu bat irakurri dut. Utopia kolektiborik ez dagoela aipatzen zuena. Irribarre egitea eragin dit. Frustrazioak alde batera uzteko eguna izango ote? Kontua da irribarre egin dudala, bai, eta sentsazio kontrajarriak ekarri dizkidala burura. Sentsazio kontrajarriak, baina gaurkoan nire alderik baikorrenak eta ameslarienak alde errealista eta negatiboari aurre hartu dio (errealista eta negatiboa hitzek, biek ala biek, gauza bera esan nahi dutela ez al zaizue iruditzen sarri?).
Kontziente naiz helburu eta amets konpartituek indarra galdu dutela, eta indibidualismoa nagusi dela, oro har. Beharbada, gure ingurunean ongizate eta arrakasta ekonomiko garbia izan dugulako azken 14 urteotan; izan ere, 1990eko hamarkadako krisian AKEk izandako gainbehera ekonomikotik 2008ra arte aberastasun ekonomikoa izan dugu nagusi bailaran. Hala ere, badaude laino beltzak zeharkatzen dituzten argi izpiak ere. Bagara Herrigintzan prozesua dugu argi izpi horietako bat (bere fruitu ikusgarrienetako bat abendu amaieran Arrasaten izan genuen lehen Tobera da). Mondragon Unibertsitateak (Lanki ikertegiak) eta bailarako eragileek ereindako hazitik, badirudi zerbait hasi dela Leintz Bailaran eta Debagoienean mugitzen. Begi gehiago zabaltzen ari diren honetan, utopia kolektibo berri zein zahar bat eraikitzen hasi garenaren sentsazioa dut.
Eta bai, Donostialdean ere laino grixak desagertzen hasi dira.