Maiatza eta ekaineko irakurketak

Denboraz larri, eta ezohiko formatoan, hona hemen maiatza eta ekaineko irakurketen sinopsia:

Georges Simenon: El gos groc (Lluís Maria Todók itzulia, Quaderns Crema): liburu entretenitua, arina, lortzen duena Maigret Parisetik ateratzea eta herri txiki baten atmosfera itxian nola mugitzen den ikusaraztea.

Georges Simenon: El arriero de “La Providence” (Nuria Petitek itzulia, Acantilado): hemen atmosfera are itxiagoa da, kanal baten bueltan dagoen atmosferan girotua. Pertsonaiek pisu handiagoa hartzen dute nire ustez Maigreten beste kasu batzuetan baino. Entretenigarria baita ere.

Maria Belmonte: Peregrinos de la belleza (Acantilado): hainbat bidaiarirengan Italiak eta Greziak utzitako arrastoaren narrazio bikaina. Orotariko ezagutza kultural hutsala maite dugunontzat gutizia. Helena Attleeren El país donde florece el limonero artelanaren parekoa. Oso gomendagarria.

Cristina Rivera Garza: Había mucha neblina o humo o no sé qué (Random House). Rulfori buruzko obra oso iradokitzailea, txapela kentzeko modukoa. Idazle baten ofizioaren eta bere obraren arteko harremanaren garrantzia biziki ondo kontatzen duena.

Benjamin Black (John Banville): El secreto de Christine (Miguel Martínez-Lage, Alfaguara 2007), El otro nombre de Laura (Miguel Martínez-Lage, Alfaguara, 2008), En busca de April (Miguel Martínez-Lage, Alfaguara, 2011) eta Muerte en verano (Nuria Barrios, Alfaguara, 2012). Tarteka aspergarriak, tarteka loari desafio egiten dioten liburuak, badute zerbait hipnotikoa. Ziur asko pertsonaien garapen geldo eta sendotasuna da obra hauen bertutea, bereziki Quirke protagonistarena. Akzio gutxikoak, gezak. Halaber, ziur asko, denak irakurriko ditut.

Lizar Begoña: Mundu zitalaren aurka (Elkar, 2024). Liburu ona, prosa bikaina duena, nahiz eta 100 orri gehiago ditudan faltan nik gauza batzuk gehiago garatzeko. Oro har gomendagarria eta blog honetan ziur asko aparteko iruzkina merezi duena.

Azken irakurketak (hainbat liburu post bakarrean)

Foster Wallace / Cadenes / Auster / Tallon / Martinez Peña / Marçal

Podcast eta beste hamaika zereginek ito antzean ibili naiz blogari ekiteko. Halaber, eta hori adierazle ona da nire osasunarentzat, ez diot irakurtzeari utzi. Hona hemen labur iruzkidunta lan horiek:

  1. L’aigua és això (David Foster Wallaceren liburua, Ferran Ràfolsek itzulia, Edicions del Periscopi, 2014). Euskal Herrian (zorionez) hainbatek ez dugu bizi izan graduazio ekitaldien ezarpena -nahiz eta onartu behar dudan eduki nuela halako zurztasun bat Zuzenbide Fakultateko panelean azken nota irakurri eta -hau da, kito- esan nionean nire buruari- eta horregatik ezinezkoa da gurean genero honi buruzko libururik egitea. Baina Amerikan, non bestela, badute jarduna barneratuta eta horri esker badira halako liburuak ere. Foster Wallacek gazteei hitz egiten die, bizitzari buruz, unibertsitatetik kanpo topatuko dutenari buruz, garaiaren eta gizartearen argazki argia eginaz. Batzuetan komeni baita gauzak hala esango dituen norbait aurkitzea.
  2. Guillem (Nuria Cadenes, Amsterdam, 2020). Liburu hau izugarri ona da, badelako fikzioa, badelako saiakera, ausarta delako bere forma planteamenduetan irakurketa zaildu gabe eta lortzen duelako kasua bikain azaltzea ezagutzen ez duenari. Niri bihotza uzkurtu badit ere kasuaren xehetasun gogorrengatik -bereziki gurasoen sufrikarioa dut buruan- liburuak bikain aipatzen du hori ez ezik faxismoaren inpunitatea ere. Orain, gainera, Amaia Apaulazak itzulia euskaraz irakurri ahal izango dugu, Hilbeltza ekimeneko lagun eta erakundeei eskerri.
  3. Baumgartner (Paul Auster, Benito Gomez Ibañezek itzulia, Seix Barral 2024). Amerikarrak dira gure garaiko narratzaile bikainenetakoak eta beste behin hori erakusten du Austerrek. Begiak itxi eta ikus dezakezu bere etxean behin eta berriz liburuak alferrik Amazonen eskatzen Baumgartner irakasle eta idazle petrala, banatzailearen irribarre bat lortu ahal izateko. Zahartzeko modu duin baten bidea erakusten digu Austerrek eta istorio -spoiler: amaierarik gabeko?- lasai eta eder bat.
  4. Obra maestra (Juan Tallon, Anagrama, 2022): nola gal lezake museo batek 38 tona pisatzen dituen eskultura bat? Bada hori pasa zitzaion Reina Sofiari Richard Serraren eskultura batekin eta kasu izugarri hori argitzen saiatuko da idazlea, fikzioa eta saiakera kontzeptuak lausotuz. Adi, badu Euskal Herriarekin konexioa eta, Guggenheim museoa eta Cristina Iglesias tarteko. Spoliler: mespretxuak lotzen ditu Tallon bera, Serra eta liburuan garrantzitsua den Macarron familia. Ez galdu hari hori.
  5. Mandamentu hipermodernoak (Iñigo Martinez Peña, Elkar, 2021). Aspaldi irakurri dudan saiakera iradokitzaileena, borobilena eta txukunena. Merezi du.
  6. Sota el signe del drac (Maria Mercé Marçal, Mercé Ibarzen edizioa, Comanegra 2020). Marçal poetaren saiakera hauek arkatza eskuan dela irakurtzekoak dira. Artikulu sorta bat da, batzuk ez ditudanak aski zukutu -ezagutzen ez ditudan poeten obra aztertzea xede dutenak- baina beste batzuk fotokopiatu eta lagun artean banatzeko modukoak dira.

Laguna

Dolua. Galera. Nunez.

(spoiler trazak ditu jogurt honek, kontuz)

Nobela perfektua da Sigrid Nunezen (Anagrama, Mercedes Cebriánek itzulia, 3. edizioa 2021ekoa) El amigo. Eta, biziki gomendatu behar diot, bigarrenez, Uxue Razquin Ereineko editoreari hura sareetan gomendatu izana.

Nobelako protagonista New Yorken bizi da eta idazlea da, literatura eskolatan irakasle izateaz gain. Ezustean lagun bat galtzen du, laguna baino gehiago da egia esan, eta hori gutxi balitz traumatizaturik duen bere daniar handi arrazako zakurraren kargu egin beharko da.

Liburuan maistratasun handiz tartekatzen ditu laguntasunari, bikote heteronormatiboen errealitateari, maitasunari, literatari edota suizidioari buruzko gogoetak. Lortzen du idazle izateko ametsa izan dugunon edo dugunon jakinmina piztea eta, aldi berean, laguntasunari buruzi inoiz irakurri ditudan orri ederrenetakoak idaztea. Halakorik ez nuen sentitzen nerabe koxkor izan eta Astrid Lindgrenen nobelak irakurtzen nituenetik.

Eskatu, erosi, irakurri. Benetan merezi baitu.

Freddie Mercuryren biharamuna

Carvalho. Samaranch. Montalban.

Ziur asko Carvalho sagako nobela txarrena da Sabotaje olímpico (orijinala 1993, Planetako nire edizioa 2022koa), eta, halaber, lortu du irria eragitea uneren batean. Pertsonaia eta tramak deliranteak dira eta delirantea zen ziur asko 1992an Bartzelonak arnasten zen kapitalismo garailearen mozkorraldia. Frankista olinpikoak, serbiar kulturistak eta Corcuera ministroa dira fikzio pertsonaien arteko batzuk, hain justu, Carvalhoren ohiko pertsonaiak hilik daudenean (Bromuro), sasi-erbestean (Biscuter) edo higuinduta (Charo). Hirian gertatzen ari zen antzaldaketa eta pertsonen kanporatzeaz du lotura, nire ustez, boluntario edo inboluntarioki.

Carvalhoren zale bazara saiatu, baina ez dadila zure lehen liburua izan. Bill Clinton Boris Yeltsinen ateraldiekin barrez lehertzen zen garaian idatzia da.

Carvalho Euskadin

Vazquez Montalban. Alonso. Maitasuna.

Polita izan da Jon Alonsoren Euskal Karma (Susa, 2003) eta Carvalho Euskadin (Susa, 2023) nobelak denbora tarte laburrean irakurri ahal izatea. Izan ere, iruditzen zait, Alonsok egile katalanari dion aprezioa nolabait borobiltzen duela azken lan honek -aprezioa diot ez delako debozioa, Euskal Karma irakurrita ondo uler litekeen moduan-, zeina jada ageri den kexu tartean ezkutaturik 2003ko liburuan.

Pepe Carvalho eta Enekoitz Ramirez, bi detektibe ikoniko ogitarteko formako trama duen nobela batean, bi hari osagarri eta bi garai politiko: milurte hasiera eta ETAren ondoreneko Euskal Herria. Kanpo begirada gure herriarengan eta herriaren erraiak ezagutzen dituen Lambas. Finean omenaldi bat da maitasunez betea genero beltzari, pertsonaia borobilak dituena -Sanchez Godin eta Guadalupe Agirre dira nire gustukoenak, Uriarte gutxietsi gabe-, eta gizarteari eginiko erradiografia zehatz eta zorrotzak.

Asko gozatu dut irakurketa eta, gainera, egilearen esfortzua goraipatu nahi dut: ahalegintzen baita Montalbanen estiloa garatzen eta, aldi berean, trama literario handiago baten parte bihurtu ahal izan du ahalegin hori. Chapeau.

Bukatzeko, kontu bitxi bi. Batetik, deigarria da 2023ko bi nafar egileren lanetan -Carvalho Euskadin eta Ura ez baita beti gardena- zein garrantzia eduki duen Uxue Barkosen Aldaketaren Gobernuko gertakizunak, tramaren elementu garrantzitsu baitira. Bestetik, adjektibo berri bat gehitu dut nire katalogora eta hori Alonsori zor diot: hanseatiko. Hemendik aurrera prestatu begirada hanseatikoa zuen bezalako esaldiak irakurtzeko.

Beltzaren zale zaretenok gozatuko duzue irakurketa.

Bekatari

Bekatua. Belaunaldia. Labandibar.

Ramiro Pinilla nobela labur lehiaketa irabazi zuen Goiatz Labandibarrek, ordura arte batez ere ipuingintza jorratua zuen Oiartzungo idazleak lan honen ernamuina zen idazlan bati esker. Eta, horri esker, irakurleok eskura dugu Bekatua (Erein, 2023), istorio fresko eta ederra. Sinopsia, spoiler arrikusrik gabekoa, honakoa da: 36 urteko Garazi, bikoteduna, bezperan ezagututako 19 urteko Mattinen ohean esnatu da. Hortik aurrerakoak dira, denak Garaziren burmuineko zurrunbiloaren fruitu direnak, apenas 95 orrialdetan kontatzen direnak. Arratsean irrati saioko elkarrizketa entzuten ari nintzela erabaki nuen goiz ala berandu irakurri nahi nuela, asko gustatu zitzaidan eta.

Horrez gain, Nora Arbelbidek 111 Akademiarako eginiko elkarrizketa honetan Labandibarrek kontatzen duenez “niretzat garrantzitsuena tonu zigortzailea ez izatea zen”. Eta, esan beharra dago, lortzen duela. Era berean, bat egiten dut elkarrizketatzailearen azpimarra batekin: emakume baten gogoetak ez ezik belaunaldi baten kontakizuna ere bada. Izan ere, bete-betean ikusi dut hor nire belaunaldia, gure erreferentzia, bizi momentu eta ajeekin. Gure pozak eta gure miseriak, Garazi protagonistaren hurbileko hainbat pertsonen -eta Garaziren norberaren- gorputzetan haragiztatuak. Gurasotasuna, bikote heterosexualen eguneroko mixeriak, harreman irekien zailtasuna… Hori guztia Garazik eztabaidatuko duen bitartean ea altxa eta ospa egin beharko zukeen edo ez, ea tekila-fresaren errua den edo ez.

Irakurketa gozamen hutsa izan da eta arratsalde eder askoa oparitu zidan. Kasik ukitu egin baitaiteke hezur-haragi-kontraesanezko Garazi hori. Uste dut edonor interesatzeko moduko istorioa ondu duela idazleak -meritua da hori- eta gainera uzten dituela ondoren bakoitzaren barne hausnarketareko aski hari mutur.

Gomendagarria oso.

Gauez harrizko zubiaren azpian

Perutz. Praga. Juduak.

Ez nekien zenbat behar nuen liburu hau eskuetan eduki dudan arte. Orain badakit zeinen ederra den eta trobalari mediebalek Okzitanian aipatzen zuten añorançaren antzeko zerbait bizi izan dut arrotz zaidan, ezagutuko ez dudan eta liburuetan soilik existitzen den Pragako auzo juduarekiko.

Hala baita Leo Perutz idazle judu txekian jaio eta Austrian hazitakoaren Gauez harrizko zubiaren azpian (Elkar, 2019, Txiliku eta Joxe Mari Berasategik euskarara itzulia) ipuin liburu nobelatua.

Nobela historikoa da? Bai. Ipuin liburua da? Baita ere. Nobela erromantikoen zakuan sar liteke? Hala egingo nuke nik. Ez dago kontraesanik esan dudan horretan, kontrakoa dirudien arren.

Izan ere begitantzen ahal zaigu hari solte gabeko narrazioak direla baina barren-barrenean hor ageri dira hiru pertsonaia nagusi eta haien arteko maitasun triangelu bat, non batzen diren Mordechai Meisl judu filantropo boteretsua, honen emazte Esther -ederretan ederrena- eta Rudolf II. enperadorea -zeina mandatari txiroa, alkimia zalea eta katoliko porrokatua zen-. Eta Perutzek jakingo du umorea sartzen hainbat unetan tristura handi baten arrakalatan -juduekiko pertsekuzio eta jazarpena-, are gehiago dakigunean obra Palestinako erbestean idatzia izan zela II. Mundu Gerran zehar -sionismoarekiko kritikoa izatea eskertu behar diot Perutzi egungo sarraski sionistaren testuinguruan- eta hirigintza modak tarteko suntsitua zen unibertso bat zuela ardatz, Pragako auzo judua deritzona.

Ipuinak soltean ederrak dira, bukaeran ordenarik gabeko nobela eder bat osatzen dute eta niri lagundu dit errealitatearen zama apur bat arintzen. Ez dakit zer gehiago esan. Ederra dela, irudimena pizten duela eta aspaldian irakurri ez dudan maitasun istorio konpletoenetariko bat biltzen duela dituen 300 pasa orrialdetan.

Zure landen zabalera

Noir. Lasa. Erribera.

Benitoren kanta. HIruzpalau topiko. Eta hor amaitzen da erromatarrek eta euskaltzaleek Ager deritzoten eremuko hegoaldeari buruz dakidana.

Akaso horregatik heldu nion atera bezain laster Irun Hiriko Kutxa Literatur Lehiaketa Saria 2023. urte honetan irabazi duen Xabi Lasaren Ura ez baita gardena (Elkar, 2023) obrari. Beno, horregatik eta maiz badudalako radarra ezarria Euskal Herriko eta inguruneko nobela beltzetan. Asko ikasten dut irakurriz, konparatuz eta, kasu honetan bezala, gozatuz.

Sara Zaldaiz teknikari gaitu, prestu eta zorrotza da. Ardura postua du Nafarroako gobernu berrian –Uxue Barkosen aroari egiten dio erreferentzia obrak fikziozko izenekin, toponimoak eurak ere fikziozkoak direlarik- eta Lurribar herrira joan beharko da hango NAK -UPN izendatzeko beste modu bat- alderdiko alkateak deituta: uraren kontura sestran ari da nekazariekin eta Nafar Gobernua inplikatu nahi du soluzioan. Hor korapilatuko da kontua eta Sarak, gure Sara gisa izendatu dezakegunak, bere bizitza lasaia emozioz nola betetzen den ikusiko du.

Gogorarazpen lagunkoia: lasai, ez baitut spoilerrik egingo. Segi dezakezue irakurtzen.

Ea, gustatu zaizkidanak eta beste era batera egingo nituzkeenak zerrendatuko ditut.

Batetik, gustatu zait protagonista, Sara. Badu izakera gogorra, badu heroiaren traza eta, jakina, uste dut ondo egokituko litzatekeela Ainhoa Sanzekin -hamabost minutuz asko jota, baina tira-. Gustatu zait ere Erriberako informazioa ematea -hango trikimailu politikoak, nekazarien indarra etab- eta oso ondo deskribatzen du idazleak gobernuko barruko martxa, ziur asko berari hori ezagutzea tokatu zaiolako. Eta, batez ere, liburuak engantxatu nau: egon da tramak kirrinka egin didan uneren bat edo beste, baina hala eta guztiz ere ezin izan diot irakurtzeari utzi. Harrapatu nau eta oso positibotzat dut hori.

Erabilitako hizkerak dudak eragin dizkit hasieran. Jasoegia edo. Baina, kontrara, eragin didan galdera da ea nola hitz egingo luketen maila sozial horretako, enpresa garrantzitsuen ordezkariak edota goi mailako politikariak, euskaraz eta dudan erreferente falta horiek zer dioen gure hizkuntzaren egoera pattalaz. Halaber gainditu dut hori eta faltan bota dut gero Erriberako daturen bat gehiago edo beste: hango batek bakarri jakingo lituzkeen gauzak, adibidez. Horrek niri behintzat laguntzen dit hobeto murgiltzen idazleak planteatzen digun eskenatokian.

Kontu txiki gehiago ale nitzakeen akaso -bukaerari buruz esaterako-, baina uste dut eskertzekoa dela idazle berri bat plazaratzea eta espero izatekoa hasiera honek jarraipena edukitzea. Egin dezagun topa horren alde!

Euskal karma

Alonso. Literatura. Olgetan-benetan.

Ez dakit Jon Alonsoren Euskal karma (Susa, 2001) obra ulertu dudan edo, kontrara, ondoegi dakidan autoreak zer nahi zuen. Ez dakit haririk ote duen edota kontestaziorik ez duen hitzen Ebro ibaia den, bere isuri indartsuan denaren jabe egiten dena. Bat nator Igor Estankonak hemen esan zuenarekin. Gure letretan ohikoa ez den uholdea da lan hau eta, uholdeen antzera, erabatekoa da eta ordena agerikorik gabea.

Irakurketa bakoitzean txoko ezkutu bat agerian uzten dizun idazlana da eta uste dut beste noizbait berriro ere esku artean edukiko dudala.

Kanon literarioa, frantziskotarrak, idaztearen ezintasuna, itzultzailearen ajeak, Carvalhorekiko -Vazquez Montalbanekiko- kontu kitatzeak… Alonsoren obran zehar parte garrantzitsu diren elementuak ageri dira hemen dilindan ezizezko protagonista izenen eta trama kiribilduen arbola adar artean.

Eta, denaren gainetik, ziurtasun bat: ez dago gure letratan Jon Alonsok bezain trebe iraintzen duenik eta paragrafo hau dakart froga gisa:

Ugatzak esplikatu zion ezer ez nekien xelebrea nintzela, arlotea, hankabiko afrus eta mozoloa, funtsean fraideek, eurogero ibili ohi nintzela profitaturik, pergutadan sarturiko zozoa, mokoroa frekuenteki bildu zale, makarra, golos, putaner eta ardankoia, adimenez urri eta bizioz luze, ahul, mengel, mendrea eta, finean, ezertarako arriskurik sortzen ez zuen zomorroidea.

Delikatesen hutsa.

Maigret droga gisa

Maigret. Simenon. Historia baten eraikuntza.

Jon Alonsok nobela beltzaren eboluzio ideologikoaz jarduten duenean plazera da hari entzutea. Hasiera batean gizarteari eta bere botere estamentuei (aberatsak, poliziak, epaileak) eginiko kritika gisa jaio zena nola joan zen urteekin eboluzionatzen poliziak “on bihurtu” arte. Eboluzio horretan koka liteke ziur asko Maigret inspektorea, Parisko inspektore ezaguna, zeinak bere baliabide guztiak erabiltzen dituen kriminalak zigortzeko. Badu gainera Simenonek bere moral kutsua ere, hain justu, istorioko bi detektibe printzipalen artean pizten den lehiakortasuna ebazteko orduan justifikatzen duelako sistema beti izango dela garaile: ez kriminalek ez ikertzaile outsiderrek ez dute zer eginiki Frantziako polizia ahalguztidunaren aurrean.

Baina, ideologia kontuak gora behera, istorio gisa bikaina da Maigret i la jove morta (George Simenon, Emili Manzanoren itzulpena, Navona 2022, originala 1954koa). Izan ere, abiatzen da misterio absolutu batetik (hilik agertu den emakumea, zeinari buruz ez dagoen batere pistarik) eta Maigretek, laguntzaile dituen polizien laguntzaile eta emaztearekin elkarlanean, hildakoaren soslaia eraikitziaz gain bere azken urratsak zirriborratu ditu. Oso ondo dosifikatzen du informazioa idazleak, erritmoa in crescendo moduko batean bizituz. Gainera badu kriminologia modernoaren erreibindikazio bat ere, aipatzen baitu behin baino gehiagotan garrantzitsua dela biktima eta kriminalen psikologia ulertzea.

Nik gustura asko irakurri dut eta irrikaz hartu dut liburua gauero. Egia da sarean kritikatu duten liburua dela itzulpenak dituen akatsengatik -nik bateren bat harrapatu diot baina nire katalan maila ez da horren jasoa- baina, halaber, euskaraz eskertuko nuke egile honen itzulpen gehiago balego.