Aho zabalik

Ogia. Zirkua. Jimenez&Cano.

Jokaldi zikinik bada eskubaloian hau da. Oker ez banago guri behin egin ziguten, Urnietan edo Usurbilen, “U” letraz hasten ziren Gipuzkoa ekialdeko herri ezezagun berdin horietan. Lehen erasoan egin beharrekoa da, berandu egiteak ez baitu eragin bera. Baloia pasatzen zaio hegaleko jokalari bati, eskrupulu gutxien duenari, eta hau joango da joko zelaia amaitzen den erpinera, nondik ia ezinezko duen gola sartzea, ez baitaki, gure kategorian inork ez zekien, nola eman efektua baloiari. Bi aukera ditu beraz, defentsa artean lekua egin nahian dagoen piboteari pasatzea edota, hau da jokaldia, ahalik eta gogorren jaurtitzea baloia kontrako atezainaren aurpegi erdira. Ez du golik sartuko, bistan da, baina atezainak ez du berdin jokatuko partida osoan zehar. Izutu egingo da. Uste dut orain araudiak ez duela zakurkeria hori ametitzen, baina nerabe ginen gu taxuzko gizon izatea espero zuten urte horietan araudiak Brummel usaina zuen. Harkaitz Canoren ipuin bat balitz deskribatu berri dizuedan egoera gure kirol ibilera hegaleko jokalariak zerbait antzemango zuen atezainaren aurpegian. Gosariko kolakao arrastoren bat masailean, marrubi marmelada orban bat ezpainetan, bereak ez diren hortz zuri distiratsuak. Zalantza egingo luke hegaleko jokalari exekutoreak eta orduan, seko gelditu, baloia bi eskuekin hartu, kiroldegitik atera, taxi bati deitu eta aireportuan leon kastillo jokatuko luke nora joan baloi eta guzti. Edota baloiak helmuga bat aukeratuko luke eta jokalariak beste bat: Temuco eta Urdiñarbe, hurrenez hurren. Gainontzeko jokalariok geunden posizio berean geratuko ginateke, zain, zahartuz, batzuk erasoan eta besteak defentsan, mina ekiditea beste helbururik ez zuen formolezko determinazioak izoztutako kantxan preso.

Irati Jimenezek Miguel de Unamuno XXI. saria irabazi zuen Bilbon Ogia eta zirkua (Erein, 2021) lanarekin. Miraria da. Liburua ez baita lur honetakoa, aurreko paragrafoko jokalariari kiroldegitik ateratzeko apur bidea uzten dion orri sorta da. Mapa da liburu hau, iparrorratza dilindan duena, literaturarekiko maitasunera bidea erakusten duena. Hasieran haluzinatu egiten duzu orriokin: baina zer da hau? euskal letratan ez dut antzeko ezer irakurri! Idazle bat beste idazle baten idazlana aztertuta ofizio honen gakoak eskaintzen ari da bekaizkeriarik gabe! Hori baita Neguko Zirkua Canoren liburua aztertuta Jimenezek bilatzen duena: nola izan idazle azaltzea, nola izan gizon, nola izan pertsona. Eta nola batak besterik gabe ez duen funtzionatzen, doilorekeriaz beteek idazle izateko arazo handiak izango dituztela. Beste dimentsio batera daroa Canoren lana Iruñean bizi den idazle bizkaitarrak eta beste dimentsio batera garamatza gu, irakurleok.

Lagun batek maiz kontatu didan anekdota hau. Kontzertu baten ondorenean, areto baten backstagean hogei lagun inguru daude, musikari, teknikari, bikote eta lagunak. Musikarietako bat hurbildu zitzaion eta belarrira esan: “Badakizu zer? Guzti hauetatik zu zara musikaz ari den bakarra, beste guztiak musikaren munduaz ari dira”. Horregatik diot Jimenezen lana berezi dela, literaturaz ari delako. Eta egun dena sare sozialetako beef eta erdipurdiko elkarrizketa denean, idazle askok irakurtzeko ere lanak dituzten garaiotan, literatura bera erreibindikatu beharreko zerbait bilakatu da. Gure zabarkeriak tenpluko sua metxero baten garrera jibarizatu du. Normala, pebeteroa bandalizatu dugu eta ahaztu zergatik egin ginen sinesmen zahar honen jarraitzaile. Baloikada gehiegi atezainen aurpegietara eta zirku zaharra LED pantaila erraldoiek zokoratua dute. Hala ulertu dut nik liburua, suari hauspoa emateko ahalegina, miresmenetik eta maitasunetik egina, literaturari eta beronek gurean duen zerbitzari fidelenetako bati, Harkaitz Canori.

Bistan da gomendagarria dela irakurketa. Hasierako orrietan zuen buruari esaten badiozue “baina zer da hau?” ez etsi, erritmoa hartuta zalantza gozamen bilakatzen baita. Eta euskal liburu hitzaurregintza krisi sakoenean badago ere hau irakurri, Iratik liburu hasieran idazten diren orriak aspaldian euskal literaturan ernatu diren orrialde amultsuenetakoak dira. Bukaeran Cano berari eginiko elkarrizketa dago, blogari honi irudimena pizteko balio izan duena (eta ez da gutxi sasoi hiperestimulatu honetan). Horrenbeste, ze, jakin badakit hegaleko jokalari angulurik gabeek ez dutela zertan parekoaren aurpegia txikitu.

Balak eta ametsak

Kenya. Ngugi wa Thiong’o. Kolonialismoa.

Gerran haur izan direnentzat nahasgarria behar du atzera begiradak. Xalotasunak eta munduaren ulerkera mugatuak (edo aberatsak, ikuspuntu kontua baita) pizak enkajatzeko orduan sorpresak ekar ditzake. Nola ulertu gerra berean herrialde beraren alde borrokatu zuten soldadu batzuei lurrak ematea eta horretarako beste soldadu batzuen familiak lurgabetzea. Noren buruan sartzen da familia berean gobernuaren aldeko langileak egotea eta Mau-mau gerrillariak?

Guretzat konplikatua izan liteke Afrikaren handitasuna eta aberastasunaren tamaina hartzea. Ngugi wa Thiong’ok, bere haurtzaroari eginiko atzera begirada honetan, portzio txiki baten errealitatea azaltzen digu. Bera gikuyu etniako kide da, Kenyako % 22 dira eta 10 milioi lagun, eta aita bat, lau emazte eta hogeita lau senideko familia batean jaio zen. Bere herrian beste talde batzuetako kideak daude, tartean langile hinduak, eta baita botearearen jabe diren gizon zuriak. Orrialdez orrialde bere haurtzaroko Limuru herriskako errealitatea kontatzen digu, antolaketa soziala, eskola, herriko gune garrantzitsuenak eta bere senide ugarien aitzakiapean estatu kolonial baten funtzionamendua azaltzen digu: soldadu Europan edo Asian, norbere lurretik egotzitako jornalari, eskola propioa edukitzea debekatutako haur…

Urte batzuk geroago, Negarrik ez, haurra nire eleberrian, gertaera eta zurrumurruen, ziurtasun eta zalantzaren, etsipena eta itxaropenaren arteko aura lauso bat emango nion Njoroge pertsonaia gazteari; hala ere, ez nago ziur lortu nuen ohikoaren eta dramatikoaren arteko sare korapilatsu hura garbi azaltzen, gerran zegoen lurralde batean, garai eta egoera guztiz ez-ohikoetan bizitzearen normaltasun surrealista hori azaltzea, alegia.

Onartu behar dut orrialde askotan konplikatua egin zaidala irakurketarekin jarraitzea ematen duen informazio ugariagatik. Halere, transmititzen duen heziketarekiko maitasunak, ahozkotasunaren indarrari egiten dion omenaldiak eta amaren indarrak gozarazi naute. Bukaeran, intrigaz bizi izan dut ere Wallace Ona anaiaren patua.

Guerra garaiko ametsak liburua Literatura Unibertsala sailean argitaratu zuen 2019an Erein-Igela-Eizie tridenteak eta Olatz Prat Aizpuruk itzuli. Ostertza zabaltzen laguntzen duen liburu horietakoa da hau.

Fiesta

Hemingway. Jake. Festa.

Hutsune gisa bizi nuen bizar zuriko idazle estatubatuar ezagunaren obra irakurri ez izana. Ariben ikusi izan dut bere argazkia Irati ertzean kukuka eta zer esanik ez Iruñeko Alde Zaharrean eta Gaztelu Enparantzan. Duela urte batzuk irakurri nion Agurea eta Itsasoa obra, gaztelaniaz, eta ordutik nire mesanotxean beste maizter batzuk egon dira. Ba ze abagune hoberik Erein eta Igelak Eizierekin batera Literatura Unibertsala sailean argitaratu berri duen Fiesta-Eguzkia jaikitzen da (Ernest Hemingway, Koro Navarrok itzulia, 2021) liburua aztertzea baino.

Hitzaurreak, itzultzaileak berak eta Anjel Lertxundik eginak dira. Harritu nau Navarroren kasuan nola hitzaurrean Donostiari eta ez Iruñeari aitortzen dion eboluzioa: Donostia hura ez da gaur egungoa, pintxorik ez dago, areago, ez dago Parte Zaharrik ere, edo zehatzago esanda, ez dago Parte Zahar turistikorik. Aitarekin Iruñera noan bakoitzean entzun behar badut zenbat aldatu diren San Nikolas kaleko tabernak, zer esan lauzpabost hamarkada arinagoko kontuez, baina tira, pertzepzioak bakoitzak ditu bereak. Harrigarriagoa egin zait Lertxundiren hitzaurrea, bi motibogatik. Badirudi ez duela egilea oso gustuko nahiz eta aitortu dohainen bat: Aitor dut, hitzaurre hau idazteko gonbidapena jaso baino lehen, Hemingwayren obretan oinarritutako film gehiago ezagutzen nuela haren liburuak baino. Aitor dut, gainera: Hemingway hil eta urte batzuk geroago haren paper mazo aurkitu berri bateko hiruzpalau gutunetan, harroputz kontatzen du -erronka betean- ehun eta hogeita bi soldadu aleman preso eta babesgabe metrailatu zituela. Kostata saiatu nintzen bi konpartimentuetan gordetzen haren ipuinei zein estiloari nien estimua eta autoreari hartu nion nazka.

Goazen bigarren puntu honetara. Hemingway halako hiltzaile amorratua zen? Beronen obra ondo ezagutzen duten lagun batzuengana jo dut argibide eske eta Mark Cirino eta Robert K Elderren artikulu honetara bideratu naute. Bertan Chris Kyle frankotiratzaile ezagunarekin (160 hildako 10 urtean, eta dudan jartzen da bere kontaketa altuegia delakoan) alderatzen da Hemingway (122 hildako 3 hilabetean). Marlene Dietrich eta Pablo Picassori askotan kontatu omen zien idazleak 122 hilotzen kontu hori baina azken honek bederen ez zuen sinisten, hemen artikuluko pasartea horri buruz:

When Hemingway and Picasso dined together after World War II, Hemingway presented Picasso with materials he had purportedly taken from a Nazi he had killed.

“He came to see me after the Liberation and he gave me a piece of an SS uniform with SS embroidered on it, and he told me that he had killed the man himself,” Picasso recounted. “It was a lie. Maybe he had killed plenty of wild animals, but he never killed a man. If he had killed one, he wouldn’t have needed to pass around souvenirs.

Michael S. Reynolds Hemingwayren biografoaren arabera the number of Hemingway’s wartime victims “increased in direct ratio to his drinking”. Hemingwayren semeak uste zuen akaso batzuk “some” hilko zituela baina ez horrenbeste. Ez dago heriotza hauen lekuko, froga edo antzerakorik Hemingwayen beraren kontakizunetik harago. Eta bere jarduerak Bigarren Mundu Gerran ez ziren kazetari batenak besterik izan, anbulantzia gidari ere aritu omen zen, Genevako Hitzarmenak debekatzen zion berez arma bat edukitzea.

Ziur Lertxundik hori horrela idazteko izango duena iturriren bat nik ezagutzen ez dudana (Hemingwayren aitortza eskutitzak argitaratu omen ziren Alemanian albiste honen arabera), baina ezin ukatu lehen hitzaurreko lehen orrialdean hori irakurtzeak astindu egin ninduela. Are gehiago ondoren, liburuko 211 orrialdean, pasarte hau irakurri nuenean, bat datorrena nire ustez The Huffintong Posteko artikuluak dakarren hipotesiarekin:

(Jake ari da hitz egiten, protagonista). Berriz piztu nuen argia eta irakurriz aritu nintzen, Turgeneven liburua. Banekien une hartan irakurriz, brandy gehiegi edan ondorengo nire gogoaren egoera guztiz sentikor hartan, egunen batean gogoratuko nintzela liburuko istorioaz, eta neroni gertatu balitzait bezala irudituko zitzaidala. Nirea izango zen betiko. Horixe zen beste gauza on bat, ordaintzen huena eta gero hortxe gordetzen huena. eguna argituta lo hartu nuen noizbait ere.

Hori pasa zitzaion, brandya edan eta soldaduek entzundako istorio guzti horiek bere egin zituela? Batek daki, niri pasarte horrek iradoki didadana besterik ez dut partekatzen.

Liburuari buruz zer esan orain arte esan ez denik: asko gozatu dudala irakurketarekin. Parisen alderrai bizi ziren amerikar eta ingelesen bizitza hori ikusiko nuke atezulotik. Inpotentziaren gaiak badu bere zera. Euskaldunok laguntzat gaitu, edo hala iruditu zait niri. Auritz haren begietatik ezagutzea aparta da, Nabalatik pasata Orbaitzetako Itolaz gunera egiten duen arrantza txangoa ederra da. Fábrica bazter hartan Olak behar du izan, ondo leudeke hor eta beste pasarte batzuetan oin-ohar batzuk. Brett pertsonaia bikain dago eraikia, parranda eta San Fermin giroaren narrazioa festari buruz irakurri dudan onenetakoa onena ez bada… Ez naiz batere zezenzalea eta halere gozatu dut plazako pasarteak irakurriz. Robert Cohn gaixoa, gogorregia da idazlea berarekin. Horra ea antisemitismorik baden aztertzeko puntu polita.

Ederra da halako liburua euskaraz irakurri ahal izatea eta halakoetan esaten den bezala, ez dakit zeren zain egon garen euskaldunok hau itzuli gabe edukitzeko.

Belardia.

Burokrazia. Atmosfera. Ezponda.

Atzo ertzainak izan genituen baserri auzoan, uste bat baieztatuz. XX. mendeko ideologia garailea burokrazia da. Kafkari harridura eragin zion arau-amaraun bera, bere lan bat horrek eragindako durduzadura eta egonezinari eskaini ziolarik: Gaztelua, bera hil ostean 1926an amaigabe argitaratua. Burokraziaren utopia da, nire ustez, arau bera aplikatzea testuinguru guztiz ezberdinetan, 22.000 biztanleko herrian eta 20 biztanleko baserri auzoan. Ñabarduren etsai, erdibideko pausoen maitale. Konfesio txiki bat, nire kontraesanen baratzean guilty pleasure handienetakoa da Arrasateko burokraziaren tenplu aratzera, BAZera, joatea. Inprimaki lizunkeria da oro berton.

Atzoko gertakizunera bueltatuz, beti da argigarria boterearen bozeramaleekin hitz egitea, afana eta ezaxola adierazten baitute batera esaldi bakoitzean. Polizia ona eta txarra, hori bai betiereko bikotea. Ate joka dugun udaberria ebatsi ziguten argi urdinez baserri atarian egotea gaztigatuz eta komisaldegira itzuli mehatxu doinuan. Zenbat gauza borratu gura dituzten borrekin, horra ofizioa (eta, zoritxarrez, gehiegirentzat afizioa).

Gaur ukiezin zaigun mendira itzuli nahiko nuke zentzumenen lasaigarri, letren leihotik ihes eginda. Eta zer hobe horretarako, Pello Lizarralderen eskutik Larrepetetiten xerkan joatea baino: Abelek ahotik gutxira ikusi du bere hatsaren lurrin zuria gau argitsuan aienatzen. Muinoa jaisten hasi berria da, eta orain ez dago ikusmira eragozten dion zuhaitzik. Beste isurialdean esne urtsuaren tonua ematen dio ilargiak mendi hegal zabalari, margulagoa gailur aldean, biziagoa erdi aldeko harkaitzetan, apartsuagoa erreka zulora hurbildu ahala.

Nahiko nuke niretzat Lizarralderen prosa, hori edertasuna apaingarri alferrekoei uko eginik. Gutxik du natura atmosfera bat hala deskribatzeko ahala, belardi, baso, erreka-zulo bertan egongo bazina lez sentiaraztekoa. Eta ez da amaitzen hor idazle nafartuaren gaitasuna, berea baita (buruz nabil) nire iritziz Elurbustia liburuan euskarazko industria poligono baten deskribapenik nabarmenena. Larrepetit obrak, 2002ko Euskadi Saria lortu zuen berak, kritikaren alabantzak ere eskuratu zituen. Andolin Eguskitzak 2002an Egunkarian ondorengoa zioen liburua goraipatuz:  Kontaera honetan pertsonaien ibilerak baitu munta, harat-honatak, barrutik sentitu beldurra eta pertsonaien arteko elkarrenganako mesfindatza-konfidantza Eta naturaren begiratu zehatza. Eta benetan esan behar dut Lizarraldek aparatu egin duena, itu-ituan jo. Ez dakit hortik segitzeko aukerarik ote duen, baina bidezidor horretatik egin duen sarraldia ederra izan dela esan egin behar da. Zorionak. Harkaitz Canok Correon, ostera, ondorengoa: Une bakoitzeko egoeraz jabetu gaitezen beharrezkoak diren mugimendu, begiraden norabide, usain eta argi tonuak emanak zaizkigu. Protagonisten arnasa sentitzen dugu: aire korronteak, egurrezko zoruaren zarata, ateen azpietako argi-lerroa, belarraren usaina. Guztia dago gure zentzu lokartuak atezuan mantentzen dituen estridentziarik gabeko mihise eder baten zerbitzura.

Itzul gaitezen belardira Lizarralderen eskutik: Goi mendietatik heldu den haizea entzutean berantetsi du Abelek. Bidean atzera egin beharrean, ezponda belartsua igan eta belardira irten da. Lasterbideak egiten dituen azken bihurguneak ikusteko moduan egon da. Gero ezponda ertzeraino jaitsi da, gaztainondo lerro bateraino, eta kokoriko jarri da.

Ez dakigu nor diren Larrepetit eleberriko Abel eta Joxe, morroi gaztea bata, ijito zaharra bestea, baina biak dira iheslari bizimoduz batek daki zergatik. Gure bihotz konfinatuek, nahi dute, haiek arrakasta izatea beraien askatasun xedean guk ametsetan lorratzak segi ditzagun.