Zure landen zabalera

Noir. Lasa. Erribera.

Benitoren kanta. HIruzpalau topiko. Eta hor amaitzen da erromatarrek eta euskaltzaleek Ager deritzoten eremuko hegoaldeari buruz dakidana.

Akaso horregatik heldu nion atera bezain laster Irun Hiriko Kutxa Literatur Lehiaketa Saria 2023. urte honetan irabazi duen Xabi Lasaren Ura ez baita gardena (Elkar, 2023) obrari. Beno, horregatik eta maiz badudalako radarra ezarria Euskal Herriko eta inguruneko nobela beltzetan. Asko ikasten dut irakurriz, konparatuz eta, kasu honetan bezala, gozatuz.

Sara Zaldaiz teknikari gaitu, prestu eta zorrotza da. Ardura postua du Nafarroako gobernu berrian –Uxue Barkosen aroari egiten dio erreferentzia obrak fikziozko izenekin, toponimoak eurak ere fikziozkoak direlarik- eta Lurribar herrira joan beharko da hango NAK -UPN izendatzeko beste modu bat- alderdiko alkateak deituta: uraren kontura sestran ari da nekazariekin eta Nafar Gobernua inplikatu nahi du soluzioan. Hor korapilatuko da kontua eta Sarak, gure Sara gisa izendatu dezakegunak, bere bizitza lasaia emozioz nola betetzen den ikusiko du.

Gogorarazpen lagunkoia: lasai, ez baitut spoilerrik egingo. Segi dezakezue irakurtzen.

Ea, gustatu zaizkidanak eta beste era batera egingo nituzkeenak zerrendatuko ditut.

Batetik, gustatu zait protagonista, Sara. Badu izakera gogorra, badu heroiaren traza eta, jakina, uste dut ondo egokituko litzatekeela Ainhoa Sanzekin -hamabost minutuz asko jota, baina tira-. Gustatu zait ere Erriberako informazioa ematea -hango trikimailu politikoak, nekazarien indarra etab- eta oso ondo deskribatzen du idazleak gobernuko barruko martxa, ziur asko berari hori ezagutzea tokatu zaiolako. Eta, batez ere, liburuak engantxatu nau: egon da tramak kirrinka egin didan uneren bat edo beste, baina hala eta guztiz ere ezin izan diot irakurtzeari utzi. Harrapatu nau eta oso positibotzat dut hori.

Erabilitako hizkerak dudak eragin dizkit hasieran. Jasoegia edo. Baina, kontrara, eragin didan galdera da ea nola hitz egingo luketen maila sozial horretako, enpresa garrantzitsuen ordezkariak edota goi mailako politikariak, euskaraz eta dudan erreferente falta horiek zer dioen gure hizkuntzaren egoera pattalaz. Halaber gainditu dut hori eta faltan bota dut gero Erriberako daturen bat gehiago edo beste: hango batek bakarri jakingo lituzkeen gauzak, adibidez. Horrek niri behintzat laguntzen dit hobeto murgiltzen idazleak planteatzen digun eskenatokian.

Kontu txiki gehiago ale nitzakeen akaso -bukaerari buruz esaterako-, baina uste dut eskertzekoa dela idazle berri bat plazaratzea eta espero izatekoa hasiera honek jarraipena edukitzea. Egin dezagun topa horren alde!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude