Zer egiten dut nik taberna honetan?

Ladron Arana. Iruñea. Taberna.

Iruñean, 1947ko gerra oste luzean -oker ez banago urte hartan izan zen frankismoko lehen greba ahalegina Arrasaten, aski ausartak batu ziren langileak-, bi haur, irabazleen magaleko Iñigo eta galtzaileen saldoko Jokintxo, lagunak dira. Biek eskola partekatzen dute nahiz eta klase sozial oso diferentekoak izan -gaur egungo Iruñeatik bastante urrun dago hori- eta Jokintxo txirotasunaren txirotasunez zine batean bizi denez gero, lagun biek aukera dute nahi beste pelikula ikusteko. Hala dabiltza kezka larririk gabeko haur gisa -horrek ez du esan nahi tragediaren hatzaparretatik libre direnik, besteak beste haien familiatan gerrak utzitako zauriak ebidenteak baitira- egun batean naturaz gaindiko fenomeno bat pizten duen zapi bat ukitzen duen arte Iñigok. Horrek piztuko du trama guztia. Horrela, desagertutako neskatxak, laguntasuna, lehen amodioa, bullyinga, irakasle falangista beldurgarriak, artean Irati tranbia zaharra martxan zuen Iruñea… tartekatuko dira thriller misteriotsu eta -amaiera arte ez bizi- honetan.

Liburua da Alberto Ladron Aranaren Ilunpeko zelataria (Elkar, 2022) eta zerbait bitxia pasa zait irakurri ahala. Oroitu naiz badirela tabernak non kafea ez den bereziki ona, tabernaria ez oso jatorra, prezioak ez dira apalak, musika hautaketa hutsaren hurrengoa da, dekorazioak ez du sosegurik transmititzen… eta halere maiz joaten naiz kafea hartu edo lagunekin egotera. Ladron Aranaren liburua ere hasieran geldoa iruditu zait, gero hizkuntza hautu batzuek kirrinka egin didate, rollo paranormalak ez zaizkit inoiz oso erakargarriak egin, pertsonaiek badute euren zera, bukaera kosta egiten zait sinestea… eta halere lo orduak lapurtu dizkidan liburua izan da, zer gertatzen zen jakin nahi nuelako kosta ala kosta. Ez zait okurritzen misterio liburu bati buruz ezer ederragorik esan daitekeenik hain lerro gutxitan.

Euskaliptus

Euskalia. Alvarez Sarriegi. Umorea.

Umorea mailua izan liteke. Uste dut esaldia Mikel Alvarez Sarriegi irakurri diodala hor nonbait. Uste dut. Baliteke. Akaso ez, baina axola al dio horrek? Ze umorea mailua bezala darabil idazle goierritarrak bere Euskalia (Elkar, 2022, 2021 urteko Zubikarai sariaren irabazlea) obran.

ADI, HEMENDIK AURRERA SPOILERRAK BAITAUDE

Euskalia nobela deskojono handi bat da. Gure buruaz, gure psikodramez, gure ezinez eta, zergatik ere, gure indarguneez ere ari da barrezka Mikel Alvarez Sarriegi. Balizko Euskalia ahalguztiduneko tokiek dituzten izenak? Kattalin Miner kalea, Kiliki Frexko campusa, Hedoi Etxarte etorbidea… mundialak dira. Santa Klara uharteko errebelde dunkandutarrak? Genialak. Putos Euzkitzez deitzea Euskalia deritzon tortillaren beste alde horretako agintari hegemonikoei? Barre galantak egin ditut.

Adi, arinkeria horrek -eta ez dut zerbait negatibotzat arinkeria- ez die kalterik egiten nobelako pertsonaien osaera eta garapenari. Hasierako Eñauten kapituluan zer ondo deskribatzen den betigazte ganoregabe hori marabilla bat da edota nolako trebeziaz kontatzen duen idazleak Igonerengan -zer ona den neskato psikopata hori- ase ezina den odol egarri hura. Portzierto, puntazoen artean dago azken honen belarri mozketa konpultsiboa, Eñautek Telmori eskainitako epitafio antologikoa -“Sekula ezagutu dudan izokinik jatorrena zinen“- edota Eñautek egiten duen Dut taldearen balizko disko berriei buruzko galdera Erkuden denbora bidaiaria dela jakin berritan.

Egiturari dagokionez hainbat narratzaile erabili izanak freskatu egiten du irakurketa eta denbora-lerro narratiboan dauden saltoak hainbat izan arren ez dut behin ere sentitu galdu naizenik. Gainera, maiz pentsatu dut: nola ez dut tramaren bira hau aurreikusi, pistak hor zeuden eta? Mundiala!

Bada hori, bukatzeko, egileari zorionak ematea besterik ez zait geratzen eta oxala halako nahiz bestelako abentura gehiago eskaintzea! Zoritxarrez, gisa honetako testu gutxi idatzi ohi da gurean, beti hain serios eta traszendetal baikara, eta argitaratzera ausartzea bera tenpluko lapurrei ostikoa jotzea dela iruditzen zait (neroniri barne, jakina).

PS: Egileak onartzen badit lerro hauen ausardia, nire proposamena Euskaliptusi buruz idaztea da, koala-pirata euskaldunen planeta zozoa dena, non rona edan, altxorrak lurperatu edo aldameneko planeten ontziak erasotu ordez egun osoa eztabaidan ematen duten adarretako animalia suminduek haien hizkuntzako txikikeriei buruz, egur ekoizpen enpresek planeta, uhartea, haritz inbaditzailez bete nahi dieten bitartean.

Gaztelu baltza

Amaiur. Alonso. Hilbeltza.

Amayur gaztelu baltz ori

—berreun gudari oro sumin—

zaintzen zattuben zaldun onak

Naparra-aldez egin dabe zin

Pettiren ahotsean irakurtzen dut Lauaxetaren olerkia. Eta behin, duela dezente, sasi-arkeologo -alegia, erdipurdiko belartxar kentzaile- izan nintzen gazteluko indusketatan. Horra Amaiurko gazteluarekin eduki dudan hartu-emana. Badut orain beste helduleku bat, kasu honetan, zelulosa pastaz eginikoa, gaztelua baino gehiago hari buruzko kondaira (eta historia) protagonista duen liburua.

Sasoiko dator Jon Alonso 2022ko udazken-negu honetan, Baztanek bizi duen oparotasun sortzaileari gorazarre eginaz. Batetik Amaiurreko gazteluko gudutik milurte erdia pasa deneko ekimen sorta dela eta bestetik Hilbeltzako iturri odoltsu nekaezina, hauen abaroan dakar Alonsok Amaiur bat urtero (Hilbeltza, 2022) nobela beltz, fresko eta zirikatzailea.

Film handi bat ari dira grabatzen, euskal kultura miserableak artean ezagutu gabeko superprodukzioa, eta ustekabeko heriotza batek astindu ditu bai filmeko partaideak bai Baztango herritarrak. Narratzaile gisa pertsonaiak txandakatuz, bakoitzari dagokion ahotsa, hizkera eta erregistroa maisuki definituz -harrigarria da Alonsok duen hizkuntzaren domeinua- dinbi eta danba astintzen ditu gure lur triste honen leihatilak amaraun denak kendu arte. Baskoniako historia bat? Dinbi. Nafarkeria pedantea? Danba. Patria telesaila? Dinbi. Ustelkeria disimulatzeko mezenasgoa? Danba. Polizia torturatzaile birziklatuak? Dinbi. Eta horrela irakurtaldia arina, gozagarria eta gogoangarria egin arte.

Blog hau inoiz irakurri baduzue badakizue Alonso zalea naizena. Baina ez nuen espero hain ondo pasako nuekin irakurtzen. Bejondeiela berari eta berau argitaratu duten Hilbeltzakoei, besteak beste Gorka Arrese bera ere berreskuratu baitute lehen irakurle gisa.

Bidezidorra

Heltzea. Heltzea, bigarren adiera batean. Martin i Serra.

Badira liburu batzuk, hain ederrak eurak, beti pentsatzen duzula okertuko direla uneren batean. Alegia, horrenbeste edertasun ez dela mundu honetakoa, eta, horrenbestez, zerbaitek edo norbaitek (idazleak, kasu honetan) zigortuko gaituela hamaika penuriekin. Judu eta kristauak gara, baita mezatara joaten ez garenok ere, eta susmo horrekin bizitzea tokatu zaigu. Zer egingo diogu bada.

Hori sentitu dut Miquel Martin i Serraren La drecera (Edicions del periscopi, 11. ediizioa, 2021) irakurtzean. Bertan, narratzaileak, haur bat da protagonista Empordàko herri batean duela berrogei bat urte, bere ingurunea deskribatzen digu bere begi zoli eta eskuzabalekin. Mutikoaren gurasoak txalet bat zaindu eta zerbitzatzen duten morroiak dira, kostak eta landa eremuak bate egiten duten tokian, eta etxeko nagusien jiran antolatua dute bizitza. Bartzelonako aberatsen uhinak iristen baitira haraino, horien iate, filipinar neskame, luxu eta gaztelaniazko hitzekin.

Narratzailea, protagonista dena, haurtzaroa eta nerabezaroaren arteko atea zeharkatzekotan da eta zoriontsu da bere guraso, lagun eta bizilagunekin. Alboko Mas Bou etxaldeko Pituk animalien zaintza nola erakutsiko dio. Aitak orduan nola aritu eta baita bizitzarako aholku baliotsuak eman ere.Amak mandatatura bidaliko du eta baita gauza goxoak sukaldean prestatu ere.

Heltze horretan narratzaileak sexualitatearen pizkundea ezagutuko du, laguntasunean aldaketak pertzibitu eta sufrituko du, baita majo sufritu ere, tragedia baten ondorioz. Halere mutil majoa da, sano askoa, eta uste dut hori dela orriz orri transmititzen dena. Garai baten, bizimodu baten erretratua baita obra eta nabari da, bai, egileak heldu nahi diola eskuetatik ihes egin dion iragan bati. Jada ez dago halako herririk. Jada ez dago halako gizatasunik, Paco pertsonaia zeharo maitakorra da zentzu horretan, eta geratzen zaiguna da iragana ahalik eta era aberatsenean kontatzea, eder, ondorengoek leihoa ireki eta izan ginena ikus dezaten.

Irakurketa atsegina eta oso gomendagarria da.

PS: oso hizkera aberatsa darabil eta sufritu du katalan ikasle honek, baina horrek ez dit gozamenean kalterik ekarri.

Oporretan

Maigret. Lekuz kanpo. Denbora-pasa.

Simenon artista bat da. Izan ere, hain ondo eraikia du bere pertsonaia nagusia berdin funtzionatzen diola Meatzerreka auzoko jaien berbenan edota New Guass (oraindik existitzen da?) diskotekako hardcore techno sesion. Maigret Maigret da, udatiar gisa mozorrotuta edota inspektore jantziz. Horregatik Simenonek, horren protagonista perfilatu ona edukita, jar dezake arreta beste aspektu batzuekin borrokan; esaterako, oporretan sentitu litekeen deserrotzeaz.

Les vacances de Maigret obran (Navona argitaletxea 2022, originala 1947koa, itzultzailea Emili Manzano) Maigretek kostak herri batan igaro beharko ditutu opor luzeak. Aurreikusi bainoa luzeagoak dira, izan ere, bere emazteak duen osasun konplikazio batek behartuko baitu herrian egotera. Sona handikoa da gizona ordea, prentsan gaur bai eta bihar baita ere ageri ohi den horietakoa, eta espero bazuen ere denbora txikikeriatan igarotzea kasu bat iritsiko zaio esku artera.

Hauek dira lanean arreta deitu didaten aspektuak:

-Oporrek fama hobea dute izana baino. “Oporretan beti ondo” bezalako esaldiak oso gezurtiak dira, azalpen tristeago, luzeago eta interesgarriagoak ezkutatzeko hitzezko parapeto lastokarak. Oporretan dago Maigret eta edanari emana dago, errutinaren bat-bateko zapuzteak noraezean utzia. Gainera opor lekuak krudelak dira oporrak ez diren beste edozer zereginetarako. Ez nator bat Iñaki Uriartek Benidormi buruz dioenarekin: Benidorm neguan ez da bere baitakoa.

-Detektibe klasikoen abantaila da, beti eskertuko diot Edorta Jimenezi hau kontatu izana, da mugitzen den unibertsoa ondo ezagutzea. Jauregi dotoreak eta tarberna sordidoak. Horren faltan, eta hori pasatzen zaio Maigreti, dena da peskiza, iluntasun eta alfer-buelta.ç

-Blog honen aurreko sarrera Peter Handkeren obra bati buruzkoa da non Bigarren Mundu Gerra oso presente dagoen. Kasu honetan, obra 1947an idatzia bada ere, ez dago horri buruzko erreferentzia bakar bat ere. Ziur asko irabazle izatearen lasaitasuna da Simenonena.

-Irakurri liburua, oso ondo eusten baitio erritmoari eta bikain kudeatzen du irakurleak eduki beharrko informazioa.

Bukatzeko Emili Manzanoren itzulpena asko gustatu zait, oso ondo funtzionatzen duela iruditzen baitzat. Bejondeiola!

Penalti-jaurtiketa

Handke. Jokin Zaitegi saria. Egonezina.

Gogoan dut nire eskubaloiko azken penalti jaurtiketa, Tolosako Usabal kiroldegian. Trufo atezainari, atezain bikaina bera, mondragoetarra baina Tolosako jokalari garai hartan, hankapetik sartu nion baloia. Taldekideek eta entrenatzaileak nire abilezia txalotu zuten. Egiari zor, baloiak irrist egin zidan hatzamarretatik. Ez nuen hara bota nahi, geldi zuen hanka albora, eskuinera, baizik.

Peter Handkeren Atezainaren larria penalti-jaurtiketan (Elkar 2020, Joxe Mari Berasategi Zurutuzak irabazitako Jokin Zaitegi Itzulpen Saria, originala 1970ekoa) irakurrita akordatu naiz horri buruz. Eta ez agerikoa den izenburuko erreferentziagatik bakarrik. Handke irakurrita, hau dut aurreneko bere lana, Mitteleuropa deritzon eremu horri buruzko idazleen iluntasunari ari natzaio bueltaka: Marai, Bodor, Kristoff… Denek konpartitzen dute egonezin bera, bero sapak mamotutako gorputzen nekea eta etorkizunarekiko ezaxola. Horregatik ziur asko Handke ez da joan atmosfera horren bila, hipotesi ausarta nirea, baizik eta hala atera zaio. Inpresio hori hartu dut, besterik ez. Badu zerbait Alpeak eta esteparen atari arteko lur eremu horrek liburuetan funtzionatzen duena baina bertan bizitzeko batere erakargarria suertatzen ez zaidana. Lurra zikina balego bezala, edo nekeak jota. Ez osasuntsu.

Liburuan Handkek Josef Blochen ibilerak kontatzen dizkigu. Gaizoa Bloch, Esterenzubin ahoskatu ohi duten meneran, baina koitaduago berarekin topo egiten dutenak. Ez baita gizona parte honekoa: ez norabide, ez gizatasun eta ez bere buruari egiten dizkion etengabeko galderentzat erantzun. Gauza ñimiñoenak jakin nahi ditu xehetasun osoz galdera handiei iskin egiteko. Gerra ere presente dago, oso presente, bere lur minatu eta soldaduen joan etorriarekin. Ez dio protagonistari laguntzen horrek, denen iragana ezabatzen baitu: gerra aurre eta gerra ostea bi mundu direnez gero sustraiek ez dute sendoerarik.

Merezi du irakurtzea atmosfera berezi hauek maitez gero. Baita giza alienazioari buruz jakin-mina edukiz gero. Ez dakit zer gehiago esan. Hau dela blog honen 200. sarrera, akaso hori esanda nahikoa da. Eskerrik asko irakurle zareten guztioi eta Goienari tartea uzteagatik.

Bosforoa

Sonmez. Labirintoa. Memoria.

Idazle kuttuna du Nazioarteko PEN Klubeko Lehendakaria den Burhan Sönmez erbesteratu turkiarra. Herri txiki batekoa jaiotzaz, ahozkotasun kurdo eta turkiarrak blaitzen du bere obra, bereziki blog honetan iruzkindako Istanbul, Istanbul eta detaile hau ageri da ere bere azken lana den Laberint (Somnez 2019, Xavier Gaillard Plak katalanera itzulia, Periscopi 2022) nobelan. Erbestea, memoria, mina eta laguntasuna dira besteak beste Sönmezen lanetan ageri direnak.

Nobela honetako protagonistak, Boratin gazteak, bere burua bota du Bosforoko zubitik behera. Mirariz zauri arinekin atera zuten itsasotik baina memoriarik gabe. Mediterraneoak jan dizkio oroitzapen dena. Ordutik amnesia kapritxosoa du, ez baita akordatzen nor den edo bere arrebaren aurpegiaz, baina datu historikoak gogoan ditu. Lagunak alboan dituela, batez ere berak lideratzen zuen (duen?) blues taldeko kideak, ahaleginduko da memoriarik gabe bizitzen oinazeak eta galdera terrible baten itzalak, badaki bere burua zubitik bota duena baina ez zergatik, pertsegitzen duen bitartean.

Kritikaren batean irakurri dut Istanbul dela liburuko pertsonaia. Izan liteke, bada hiri baten gainean eraikitako hiria, zein hiri ez da hori?, baina kristautasunetik islamera edo alderantziz jauzi egin duten lurraldeek badute zera berezi hori. Zapaldu nahi bat irabazleena eta ezabatu nahi den horren betiereko itzulera. Ez dakit Granadan denbora eman duzuen. Edo Kordobako kaleetan galdu. Ba hori, iragan gabe ez da erraza aurrera egitea.

Marxek zioen, bukatzeko, hildakoen zamak zapaltzen gaituela. Arnasik gabe utzi. Boratinek nahiko luke joan bere Anatolia penintsula erdialdeko herrixkara, arreba eta iloba bisitatzera, baina ezin du. Indar ezezagun batek oztopatzen dio bisita gazteari, egileari herrialdera itzultzea oztopatzen dion gisara. Bitartean Bosforo itsasertzean jardungo du batak, pertsonaiak, Mantxako Kanalaren ertzean besteak, idazleak, iraganik gabe bata eta aberritik egotzia bestea.

Magia

Patua. Trenak. Swift.

Nire autore gogokoenen artean, zalantzarik gabe, Graham Swift da gustokoenetakoa. Haren Last Orders mundiala izugarri gustura irakurri nuen, baita The light of day eta azkeneko Mother’s day. Irakurri dudan bere lanetan azkena, 2022an bertan Anagramak argitaratutako Bueno, aquí estamos (Originala Here we are 2020koa, gaztelaniara Antonio-Prometeo Moyak itzulia) zeharo gomendagarria da. Ez akaso lan borobil-borobila delako, baina bai pertsonaia eta detaile zoragarriak dituelako.

Trama hiruki bat da, klasikoa. Ikuskizun berean lan egiten duten hiru artista gazteren arteko hirukia.

Batetik Ronnie magoa dago, artistikoki Pablo Handia izena duena: Londresko langile klaseko haurra, aitaren absentzia sufritzen du, amarekin harremana ez da erraza eta da biziki sentibera. Ronnie, Ingalaterrako beste hainbat haur bezala, Bigarren Mundu Gerrako bonbardakengandik babesteko landa eremura bidaltzen du amak. Ekintza horrek emango dio Ronnieri aberastasuna eta albi berean dilema: bi familia ditu, hain gozo hartzen baitute Evergreneko harrera baserrian, eta horrek zalantza pizten dio bihotzean.

Bestetik dago Evie, mago laguntzailea, amak artista izateko audizioz audizio zeramana baina ahots txar bezain hanka politen jabe dena. Ronnierekin hitzartuko du ezkontzea, prometitu da, eta eraztun dotorea darama hatzetan hori frogatzeko. Nobela hiru ahotsetara narratzen bada ere, Swiftengan ohikoa da teknika hori, bukaeran Evieren ahotsa da entzungo duguna batez ere. Ez da ahots garbia berea.

Bukatzeko Jack dago, pikaroa, Ronnieren laguna eta aurkezle talentuduna. Jackek publikoa irabazita dauka, badaki nola eraman saio bat arrakastatsua izan dadin eta neskazale porrokatua da.

Horrela kontatuta ez dirudi zera handirik denik. Baina gero, ai gero, detaile txiki eder askoz osatzen da: esate baterako Ronnieren bizitzan, zeharo maiteminduta nauka pertsonaiak, trenek betetzen duten rol tragikoa. Edota erabaki bakoitzak eragiten duenaren jabe nola egiten diren pertsonaiak hain modu nabarmenean. Sentiberatasuna eta pertsonaiekiko errespetua da Swiftek ereiten duena orri bakoitzean. Eta adi, ez da nobela hunkibera, hunkiberatasunaren aurka ezer ez dudan arren: nobela eder eta tristea da, Joxe Ripiauren abestia bezalakoa.

Pedro Páramo Lizarrerrian

Antoñana. Karlismoa. Lurra.

Ez da goxoa jateko, lur zaporea du. Hala kontatu zidan behin azkonarra probatu duen batek haren haragiari buruz galdetu nionean. Guri momentuz jatea otu ez zaizkigun proteinak dira azkonarrarenak, baina nork daki biharko egunean zer jatea otuko zaigun ahuakateak egun duen urre prezioa diamantezko bilakatzen duenean.

Pedro Páramo aipatu dut izenburuan eta badu azalpena. Juan Rulforen nobela bikain-bikain-bikain horren oihartzuna aurkitu dudalako gutxien espero nuenean, ezjakintasunagatik gehiago ebidenteagatik baino, gero jakin dudan bezala, Pablo Antoñanaren liburu batean.

Aipatu dut blog honetan Pablo Antoñana idazle handia eta merezia du bigarren obra baten iruzkina. Izan ere, Retrato cruento (Pamiela 1996, nahiz eta obrak 1977 nobela motz Navarra saria irabazi) liburu bikaina da. Bertan kontatzen du 1876ko Bigarren Gerra Karlistatik 1936 altxamendu faxistara (Hirugarren Gerra Karlista Euskal Herriko eremu batzuetan) doan haria, bortxaz eta krudeltasunez betea. Etxe baten gainbehera da, mendeku eta Kristori eskainitako odol artean bertako jabeak galduta daudenak hara eta hona. Gobernuko tropen biolentzia, emakumeen aurkako jazarpena, nagusi eta morroien arteko harremana. Morroiak etxekoak dira. Etxea da haria, eta indarkeria, kapituluz kapitulu egiten diren denbora jauzietan mantentzen den zera bakarra.

Begiradan, narrazio herrikoi ilunean, nabaritu diot nik Rulforen lur zaporea. Azkonar lerroak dira hauek, XX. mende zeritzon erauntsi industrialak ezabatu aurreko munduaren aztarnak. Nabari zaie hori nafarroako ager vasconumeko idazleei, kolore nabar eta horiztatan mugitu izan direnei estilo lehor, zuzen eta zakarra. Kontuz, ez bainabil itsusia denik esaten, badaezpada ere.

Bestalde, mendeku eta mendeku artean gako gehiago ematen du liburu honek erreketeen ibilerak ulertzeko batxilergoko testuliburuek baino. Errepublika zer izan zen eta norentzat. Apaizen pisua. Tropen moral falta. Karlismoaren garaipena eta era berean amaiera. Tramak ere badu tentsioa: Godot itxurako Sanchez kapitainaren zain diren gizonak, odol usaina, gerra baten erditzea.

Bukaera gisa, Pedró Paramo bezala liburuko familia protagonistako kide diren Arrizibitatarrak espektroak dira egungo begietan. Baina izan ziren eta badiraute, Landa herrien hustutzearen kausa ere badira jauntxoak eta jauntxokeriak. Nafarroako herri txikietan abandonatutako etxe askoren hormatako zipriztinak dira, odolez batetako kalizekin topa egin osteko arrastoak. Gure historia da, hortik gatoz. Azkonarrak gauez aditu dituenak badaki ze izugarria den haien oihua, haur jaioberrien lanturuak dirudite iluntasunean. Auskalo zer ikusi duten animaliok horren oihu doilorrarekin eztarria urratzeko.

Kantabria

Sobao. Ufologia. Bilbao.

Ez naiz puntu kardinalak erabiltzearen zale azalpenetarako. Beti iruditzen baitzait ipartzat bere burua duenak ahazten duena hirugarren baten hegoa dena eta horrenbeste anbiguotasun jasatea zaila zait. Horrenbestez esan ordez Euskal Herriko mendebaldeak, benetakoak, ez nafarren marketin inbentoak (zeinak arrakasta lortu duen dena esaten hasita), baduela lotura handia Kantabriarekin esango dut nahiko nukeela orain norbaitek ni besarkatzea bizkaitarrek autonomia erkidego uniprobintzial hori besarkatzen duten bezala.

Revilla, sobao pasiegoak, cabralesa, hondartzak, Ertzainak, gerra errendizioa… kontzeptu hauen asoziazioak diost ez zaidala arrotz auzo Espainia zatia. Eta halere, hau gertatu izan zait baita beste leku batzuetan ere, Euskal Herriko paisaiaren antzeko tokietan arrotzago sentitu ohi naiz zeharo ezberdinak diren tokietan baino. Jaenen baino arrotzago Xixonen. Okzitanian arraroago Belfasten baino. Bitxia zait hurbiltasunak pizten dezakeen zera ilun (?) hori. Ziur asko ilun ez da hitza, baina ez dut hoberik eskura.

Barka digresioa. Esan nahi nuena zen bere aurreneko lanean, Basiliscon, baduzue blog honetan iruzkina, bezala Jon Bilbaok Ribadesellan kokatzen duela bere Los extraños (Impedimenta, 2021) nobelaren trama. Bertan ari da Jon eta Katharinak osatzen duten bikotea negua igarotzen lehenaren gurasoen etxean, aurreko lanean bezala koba propriodun etxea da horrek suposatzen duen denarekin, eta asperduratik krisira doan etapa zeharkatzen ari dira ez oharkabean.

Halako batean, Markel eta Virginia agertuko zaizkie etxean, ezezagun bi, baina Markel lehengusu txikia omen du Jonek. Ordutik laukote honen bizikidetza kontatuko da, herrian bien bitartean OHE (Objektu Hegalari Ezezagunak) fenomenoak gertatzen direlarik. Egunerokotasun hits eta aspergarriaren zama arintzeko zilegi dira espioitza eta mesfidantza? Galdera hau eta beste batzuk erantzuten ditu, barka planteatzen ditu esan nahi bainuen, Bilbaok. Autore ona da, bere obrak lortzen du tentsioa mantentzea orrialde askotan zehar eta azken esaldi bikaina duen arren, “Está seguro de que ella volverá pronto”, irakurketa gozamenaren sufle efektua nozitu dut. Bizi izan nuen antzeko zerbait Basiliscorekin ere, bukaeran apur bat behera egitea kontakizunak alegia.

Halaber, 133 orrialde dituen nobela labur honek merezi du arreta. Erritmoagatik, orrietako prosa soil eta landuagatik, narrazioaren sedimentazio interesgarriagatik eta Bilbaok badituelako bitxikeria batzuk, esaterako faunari ematen dion garrantzia. Ariketa polita da kontatzea zenbat animalia ageri diren nobela honetan eta aldiz beste zenbat lanetan ez den bat ere ez ageri.

PS: Libuaren kontrazala irakurri dut eta nire logean idatzitakoak ez du batere epikarik. Akaso esan beharko nuke: adin ertaineko bikote baten desintegrazioa nola bizkortzen duen eguneroko bizitzak eta labexomorroak eta bla bla bla. Baina esan nobela bat egun ez duena hori ageri. Nahiago animaliak kontatzen aritzea, interesgarriago baitzait. Ez nago ahoa bete hitz aritzeko umorez.